URUMEA SANTA AGEDA
Kandelaria eguna da gaur, antzinan inauteriei hasiera emateko data zen eta Euskal Herrian kandelak eta argizariak bedeinkatzeko eguna ere bada, urtean zehar eguraldiak ekarritako ezbehar eta gaixotasunetatik babesteko. Etzi, San Blas eguna da eta horrela, ohikoak dira San Blaseko kordoiak, santuaren irudiaren aurrean bedeinkatu eta lepoan bederatzi egunez janzten direnak (otsailaren 3a barne), eta gero kendu eta erre egiten direnak, urte osoan eztarriko gaitzak, eztulak, katarroak eta eztarriko edozein infekzio prebenitu egiten dituztelakoan.
Eztarriak zaintzea beharrezkoa izango da etzidamu ospatuko den Santa Ageda bezperarako. Urumea bailara osoan irtengo dira taldeak kantuan koplak abesten.
Ereñotzun gaur irtengo dira Katiluzar Guraso elkartekoak
Goiztiarrenak irteten ereñotzuarrak izango dira. Katiluzar Guraso elkartekoak gaur irtengo dira goizean santa eskean. 09:30etan eskolatik aterako dira Pagoaga aldera eta bertan hasiko dute eskea. Ondoren Lastaolara joango dira eta Ereñotzun amaituko dute ibilbidea.
Ikastetxeak astearte goizean
Erreleboa ikastetxeek hartuko dute astearte goizean. Urumeako, Elizatxoko eta Inmakuladako ikasle eta irakasleak 10:45 eta 11:00etan herriko kaleetan zehar ariko dira kantuan. Langile ikastolakoak LH5eko ikasleak Laubidetako eraikinean gelaz gela koplak abestuko dituzte eta LH6koak, berriz, Meabera eta Bidebietako geletara joango dira abestera.
Astearte arratsaldean helduen txanda
Kantuak, Santa Ageda bezperan, egun guztian zehar luzatuko dira eta arratsaldean helduak irtengo dira Hernani, Astigarraga, Ereñotzu eta Goizuetan zehar. Hernanin, 17:45etan, Milagrosatik aterako da, Hernaniko Ohitura Zaharrak abesbatza. Bihar dute azken entsaioa 19:00etan Biterin.
Aurten lehenengo aldiz ekitaldi berezia Hernaniko Plazan
«Ohiturak gogoan eta euskera ahoan» leloarekin herriko adin eta jatorri ezberdinetako pertsonak bat egiteko ekimen garrantzitsua jarri dute martxan. Aurten aurreneko aldiz ekitaldi berezia egingo da Hernanin Santa Ageda bezperan, 19:00etan, Gudarien Plazan.
Parte hartzeko deia luzatu dute: «kantuan ariko gara, elkarrekin, txistularien eta bertsolarien laguntzaz. Abesteko gogoz bazaude, elkar ikusiko dugulakoan gaude. Gonbidatu!».
Goiz eguzki abesbatzak ere bat egin du Santa Ageda bezperarekin. Hasiera, zaharren egoitzan emango diote, 17:45ak aldera, eta 18:30etan Plaza Berritik aterako dira, eta Kale Nagusia igoko dute. Horrela, 19:00etan, Plazan elkartuko dira, herriko gainerako abesbatzekin, haiek ere aterako baitira kantuan: Kantuz abesbatza, Santa Agedako koroa eta Musika Eskolako abesbatza. «Denok batera kantatuko dugu abesti bat».
Astigarragan bi zita musika eskolakoek
Astigarragan Santa Ageda bezperako kantu jira arratsaldeko 17:00etan hasiko dite Norberto Almandoz musika eskolako haurrek eta 19:30etan Aiztondo eta Norberto Almandoz musika eskolako helduak irtengo dira.
Ereñotzun eta Goizuetan, ere arratsaldez
Ereñotzun Katiluzar Guraso elkartekoen lekukoa Ur Mia elkartekoek hartuko dute asteartean. 16:30etan hasita egingo dute erronda auzotik. Eta Goizuetan ere, arratsaldez, erronda herritarrek 18:30etan eginen dute kaleetan zehar.