Gomazko palistek hainbat hitzordu garrantzitsu izango dituzte asteburu honetan zehar. Izan ere, gaur bertan hasiko dira bai Emakumezkoen Gomazko Paleta Euskal Herriko Elite Txapelketa, eta baita Euskal Herriko Irekia ere. Bietan izango dira hernaniarrak.
Irazustabarrena eta Arrieta, Mallabian
Elite mailako txapelketa gaur hasi eta martxoaren 7ra bitartean jokatuko da. Partidu guztiak Mallabian izango dira. Denera, 8 bikotek hartuko dute parte, baina jardunaldiz jardunaldi aldatu egingo dira. Horrela, aurrelari eta atzelarien sailkapen bana egingo da. Horretarako, jardunaldi bakoitzean partidua irabazteagatik lortutako puntuak aurrelariek eta atzelariek irabaziko dituzte, berdin.
Irazustabarrena eta Arrieta Mallabian izango dira gaur, elite mailan jokatzen.
Aurreneko partiduak gaur jokatuko dira, 17:00etan hasita, eta bertan ariko dira bi hernaniar. Batetik, Amaia Irazustabarrena; Saez izango du bikote, eta Murillo eta Ruiz de Azua izango dituzte aurrez aurre. Bestetik, Ariane Arrietak jokatuko du Isasmendirekin, eta Galdos eta Mendizabalen kontra ariko dira.
Irekian, bost bikote hernaniar
Gaur hasiko den beste txapelketa, Euskal Herriko Irekia da, eta bertan, bost bikote hernaniar ariko dira lehian. Bigarren mailan, hiru bikote: Ekhine-Eli (Hernani 1), Olatz-Garazi (Hernani 2), eta Ainhoa-Eider (Hernani 3). Hirugarren mailan, beste bi: Enara-Ane (Hernani 1) eta Alaitz-Maddi-Joana (Hernani 2).
Gaurkoan, hiruk jokatuko dute. Bigarren mailan, Olatz eta Garazik Olarreta izango dute aurkari, Larrabetzun, 16:00etan, eta Ekhine eta Elik Intxurre, Ikaztegietan 17:00etan. Bestetik, Iruñan jokatuko dute 16:00etan Enara eta Anek, Larraunen kontra.
Txapelketa hau ere martxoaren 7ra arte jokatuko da, eta denera 35 bikotek hartuko dute parte; 8k aurreneko mailan, 18k bigarrenean, eta 9k hirugarrenean.
Palista astigartarrak, etxean
Mutilei dagokienez, nagusien mailako Mundarroko paleta gomako bikoteak etxean jokatuko du gaur, 11:00etan, eta Altzatarra bikotea izango du aurkari.
Esku pelotariek, hainbat zita
Eskuz, berriz, Urumeako pelotariek makina bat partidu jokatuko dituzte asteburuan. Nagusien mailan atzo jokatu zituzten gehienak, hernaniar eta astigartarrek.
Goizuetarrei degokienez, berriz, Umore Ona Pilota Txapelketa bukatuta, profesionalen partiduek sortuko dute ikusmira haundien. Promozioko Binakako Txapelketan, Iker Salaberria ondo ari da, Tolosarekin bikotea osatuta. Aurreko asteburuko garaipenaren ondoren, beste bat lortzen saiatuko dira gaur, 17:45etan Labriten. Agirre eta Eskiroz izango dituzte aurkari, oraingoan.
Aimar Olaizola larriago dabil, Binakako Txapelketan. Urrutikoetxearekin baera, galdu egin zuen pasa den asteburuan. Bihar, 17:00etan Tolosan, Altuna III eta Ladis Galarzaren kontra jokatuko dute.