SANTA AGEDA

Makilak prest, lurra esnarazteko

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 1a, 00:00
Ereñotzuko ikasleek bihar egingo dute Santa Ageda erronda.

Santa Ageda bezpera eguna izango da asteartea, otsailak 4, eta errondan aterako dira ereñotzuarrak eta goizuetarrak.

Negu hotzean lokartuta geratutako lurrari esnatu eta ernatzen hasteko garaia badatorrela adierazteko prest dira Santa Ageda bezperako makilak. Egun horretan kantuan eta makila kolpeka erronda egiteko ohitura oso errotuta dago Euskal Herrian, eta Goizuetan eta Ereñotzun ez diote muzinik egingo urteroko zita honi.

 

Plazatik arratsaldean abiatuta, Goizuetan

Herriko Plazan jarri dute hitzordua asteartean, Santa Ageda bezperan, Goizuetan. Arratsaldeko 18:30etan elkartu eta herriko kaleetan barrena ibiliko dira, tabernetara jo aurretik, trikitilari pare batek eta pandero-joleak lagunduta. Kantuan, berriz, koplatarako elkartuko zaizkie pare bat bertsolari.

Baserritar jantziak soinean jarri eta azaltzeko deia luzatu dute.

 

Ereñotzun, bihar aurrena

Bi zita jarri dituzte Ereñtzuko kasuan. Bihar, umeak aterako dira kantu eta makil joka, 09:30etan eskolako patiora.

Santa Ageda bezperan, berriz, asteartean, 16:30etan Ur Mian hasiko da erronda. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!