U30 Greba orokorra

Hernaniko manifestazio jendetsua, grebaren «jarraipen zabalaren» erakusle

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 31a, 00:00

Ehunka eta ehunka lagun bildu ziren Hernanin, iluntzean, eskualde mailako manifestazioan.

Ehunka eta ehunka lagun bildu ziren, eskualde mailako manifestazioan. Greba orokorrak izandako jarraipenarekin pozik azaldu dira deitzaileak.

Sekulako jendetza bilduta eman zioten bukaera, Hernanin, atzo­­­ko greba egunari. Ehunka eta ehunka lagun elkartu ziren eskualde mailako mani­festazio­an, lan, pentsio eta bizitza dui­naren aldeko aldarri­kapenekin: «Gaur greba eguna da!», «jo ta ke irabazi arte», «hemen bizi, he­men erabaki», «lan, pentsio, bi­zi­tza duina», «borroka da bide bakarra», «bizitza lanean, orain mi­xeria» edota «1080 gutxienez ere», oihukatu zituzten.

Plazatik abiatu eta Lizeaga auzoan sartu zirenean, ikusgai izan zen manifestazioaren bolu­­mena: aurrenekoak auzoa ingu­ratu eta Tilosetara iristen ari zi­renean, azkenekoak Lizeaga ka­le­aren erdi parean zeuden oraindik. Ibilbide luzea egin zu­ten, gainera: berriro Plazan sartu, Kaxkoa zeharkatu, Izpi­zua kaletik igo, Elkanotik jaitsi, Zinkoeneara iritsi, eta Kale Na­gusitik gora Plazaraino.

Horrela eman zioten bukae­ra, «jarraipen zabala» izan zuen greba orokorrari, deitzaileen esa­netan: «egun haundia» izan zela nabarmendu zuen ELA sin­di­katuak, eta «historikotzat» jo zuen LABek.

Mitxel Lakuntza (ELA): «mobilizazioek izan duten jarraipen izugarria ikusi besterik ez dago, konturatzeko helburuak bete direla; enpresak hustu eta kaleak bete direla».

 

Zerbitzu publikoek eta merkataritzak bat, industriako «jarraipen oso zabalarekin»

Ezohiko asteguna zela nabaria izan zen Urumea bailaran, goi­zean goizetik. Denda eta taber­na gehienak itxita ageri ziren, herrietako kaleetan. Baina be­re­ziki, grebak industrian izan zuen eragina nabarmendu zuen Euskal Herriko Eskubide So­zia­len Kartak: «oso jarraipen za­ba­la izan du industrian; ekoiz­pena ia gelditu egin da enpresa haundi askotan, eta indus­tria­gune ugari itxi da. Gipuz­koan ia erabatekoa izan da».

Eta industriako jarraipenari, goizak aurrera egin bezala, zer­bitzu publikoak eta merkataritza batu zitzaizkiola azaldu zuten grebaren deitzaileek. Zentzu ho­rretan, azaldu zuten gutxie­neko zerbitzuak besterik ez zituztela eskaini garraio publikoko linea askotan, «erabat gehiegizkoak, lehenago ere salatu izan du­gu­nez». Eta kritikatu zuten, baita ere, enpresetan ere, zerbitzu mi­nimoak «abusuz» baliatu zituz­tela. Era berean, «Ertzaintzak eta beste polizia batzuek eza­rri­tako debeku, isun eta ozto­poak» ere salatu zituzten: «saio politiko horrekin, indarra ken­du nahi izan diote greba oro­ko­rrari, baina herritarren mobi­lizazio haundiak galarazi du asmo hori».

145.000 lagun hiriburuetan, eguerdiko mobilizazioetan

Goizean eta eguerdian, euskal hiri­buruetan deitutako mobili­za­zioekin egin zuten bat, baila­rako herritarrek. Donostian eta Iruñean, 35.000na lagun bildu ziren, eta 145.000 lagun izan ziren guztira (50.000 Bilbon eta 25.000 Gasteizen). «Mobilizazio­ek izan duten jarraipen izu­ga­rria ikusi besterik ez dago, kon­turatzeko helburuak bete direla; enpresak hustu eta kaleak bete direla», nabarmendu zu­en ELA sindikatuko idazkari na­gusiak, Mi­txel Lakuntzak. Bere aldetik, Garbiñe Aranburu LABeko idaz­kari nagusiak adierazi zuen, lor­tu dela «Euskal Herriko lan­gileon borrokan mugarri berri bat jartzea, eta herri honetako historian gogoan izango den egun bat izatea».

Udaberrian «borroken loraldi berria», eskakizunak erantzun ezean

Aranburuk berak ohartarazi zu­en, udaberrian «borroken loraldi berria» ekarriko dutela, «bi hila­betetan Patronalak eta ins­ti­tu­zioek gure eskakizunak eran­tzu­ten ez badituzte. Gaur ez da ezer amaitzen, gaur aro berri bat irekitzen da. Badugu hamaika arrazoi borrokan jarraitzeko, eta irabaziko dugula sinesteko».

Lakuntzak, berriz, adierazi zuen grebaren aldarrikapenak ezin direla egon «agenda poli­ti­kotik kanpo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!