Ezohiko asteguna ari da izaten gaurkoa, greba orokorraren eraginez. Urumea bailarako herrietan, denda eta taberna gehienak ageri dira itxita, goizean goizetik. Baina bereziki, «grebak industrian duen jarraipen zabala» nabarmendu dute grebaren deitzaileek.
«Oso jarraipen zabala ari da izaten industrian; ekoizpena ia geldirik dago enpresa haundi askotan, eta industriagune ugari itxita dago. Gipuzkoan ia erabatekoa da», adierazi du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Azaldu du, goizean goizetik aritu direla pikete taldeak, lantokiz lantoki.
Baina industrian bakarrik ez; goizak aurrera egin bezala, zerbitzu publikoetan eta merkataritzan ere grebarekin bat egin dutela azaldu dute deitzaileek. «Gero eta eragin haundiagoa du Euskal Herri guztian zehar», azpimarratu dute. Azaldu dute, garraio publikoko linea askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez direla eskaintzen ari, «erabat gehiegizkoak, lehenago ere salatu izan dugunez». Enpresetan ere, zerbitzu minimoak «abusuz» baliatzen ari direla ere salatu dute.
Era berean, salatu dituzte Ertzaintzak eta beste polizia batzuek ezarritako «debeku, isun eta oztopoak», greba orokorrean parte hartzen ari direnei. «Saio politiko honekin, indarra kendu nahi diote urtarrilaren 30eko greba orokorrari, baina herritarren mobilizazio haundia galarazten ari da asmo hori», nabarmendu dute.
Hiriburuetako mobilizazioetan, jendetza
Goiz-eguerdian egin dituzte mobilizazioak, euskal hiriburu guztietan; eta jende asko bildu da horietan. «Mobilizazio ezberdinek izan duten jarraipen izugarria ikusi besterik ez dago, konturatzeko helburuak bete direla; enpresak hustu eta kaleak bete direla, alegia», adierazi du ELA sindikatuak: «milaka eta milaka izan dira, pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak aldarrikatzeko kalera atera diren herritarrak».
LAB sindikatuak, berriz, mobilizazioen jarraipenaren datuak ere eman ditu. «145.000 lagun batu gara guztira: 35.000na Donostian eta Iruñean, 50.000 Bilbon eta 25.000 Gasteizen». Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak, «historikotzat» jo du eguna: «lortu dugu Euskal Herriko langileon borrokan mugarri berri bat jartzea, eta herri honetako historian gogoan izango den egun bat izatea».
Hernanin, eskualdeko hitzordua arratsaldean
Bailara mailan, eskualdeko hitzordua jarri dute Hernanin, gaur arratsalderako. 18:30etan aterako da gazte blokea, Tilosetatik; eta 19:00etan abiatuko da eskualdeko manifestazioa, Plazatik.