Easo Politeknikoko Gizarte eta Kirol animazio eta irakaskuntzako ikasleek, eskolako proiektu bati lotuta, elkartasun festa bat antolatu dute datorren otsailaren 8rako, Añorgan. Bertan bildutako dirua ASPANOGI (haur minbizidun guraso elkartea) elkarteari emango diote.
Festa inklusibo eta solidario honetan Añorga kirol eta kultur elkartearen laguntza izango dute, baita Katxiporreta pailazo taldearena ere bai.
Egun erdiko festa honetan, jolas ezberdinak, bertsolariak, Porrotx pailazoa, Iker Vicente Euskal Herriko aizkolari txapelduna, dantzariak, koroa... izango dituzte. Beraz kontuan hartzeko moduko elkartasun festa antolatu dute Politeknikoko ikasleek.
Saioa amaitzeko, denek parte-hartzeko zumba saio bat prestatu dute, ikasleek beraiek emango dutena.
Edariak, pintxoak eta tonbola erraldoia
Edariak eta pintxoak izango dira eta baita Tonbola erraldoia ere. Tonbola hau osatzeko Euskal Herri osoko argitaletxe, kirol elkarte, disketxe, musika talde etabarrek haien materialarekin lagundu dituzte. Elkartasun festaren xehetasun gehiago datorren astelehenean argitaratuko dituzte antolatzaileek.