saskibaloia

Garaipena, mutil hernaniarrek eta neska astigartarrek

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 28a, 00:00

Garaipen garrantzitsua lortu zuen Hernanik, Askatuaken kontra.

Etxean nagusitu zen Hernani (68-54), eta kanpoan irabazi zuen Mundarrok (38-45). Mutil astigartarrek jaso zuten porrota.

Garaipen garrantzitsuak lortu dituzte asteburu honetan, Hernaniko mutilek eta Mundarroko neskek, Gipuzkoako Ligan. Eta aldiz, porrota jaso dute Mundarroko mutilek, kontrario gogor baten kantxan.

Etxean aritu zen Hernani, larunbatean, mutilen Gipuzkoako 1go mailan. Irabazi beharreko partidua zeukaten, Askatuak azkeneko sailkatuaren kontra; eta ez zuten huts egin: 68-56 irabazi zuten. Hernaniarrak hasieratik izan ziren nagusi, eta aurreneko laurdena bukatze rako, bederatzi punturen aldea lortu zuten (18-9). Donostiarrek eutsi egin zioten, ordea, eta txikiagoa zen tartea, atsedenaldian (26-21). Baina hirugarren laurdenean, erabakita utzi zuen partidua Hernanik, 51-34 aldenduta; eta bukaeran Askatuakek tartea murriztu arren, etxean geratu zen garaipena.

Maila berean, kanpoan jokatu zuen Mundarrok, Azpeitian, Errotaundi ISB taldearen kontra. Partidu zaila zeukaten astigartarrek, hirugarren sailkatuarekin berdinduta baitaude azpeitiarrak; eta ez zuten aukerarik izan: 65-44 galdu zuten. Aurreneko laurdenean egin zuen tartea Errotaundik (27-18), eta atsedenaldira 37-27 iritsi ondoren, erabat hautsi zuen lehia hirugarren laurdenean (57-35).

Mundarroko neskek bai, garaipena lortu zuten Gipuzkoako bigarren mailan, Luberriren kantxan. Kontrario zuzena zuten aurrean, garaipen bat gutxi - agorekin zegoena; eta irabazi egin zuten, laugarren postura igo eta tartea haunditzeko. Partidu berdindua izan zen, hasieratik bukaerara. 17-20 iritsi ziren atsedenaldira, 28-33 azkeneko laurdenera, eta eutsi egin zioten bukaerara arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!