esku pelota

Espainiakoan eta Euskal Herrikoan galdu, hernaniar eta astigartarrek

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 28a, 00:00

Paul Ojuel pelota jotzeko prest, larunbatean, Euskal Herriko Txapelketan.

Udaberri Txapelketan, eta torneo pribatuetan lortu dituzte emaitza onak, asteburuan.

Ilunetik zein argitik, bietatik izan du asteburuak, bailarako esku pelotarientzat, baina porrotak baino garaipen gehiago lortu dituzte, edonola ere.

Txapelketa garrantzitsuenetan jaso dituzte porrota gogorrak, bereziki. Profesionaletan, Binakako Txapelketan galdu egin zuen Aimar Olaizola goizuetarrak, Urrutikoetxearekin, 14-22 Laso eta Albisuren kontra; eta gero eta zailagoa dauka hurrengo fasera sailkatzea.

Porrota gogorra jaso zuen Ioritz Arrieta hernaniarrak ere, Espainiako Txapelketan, Espinal nafarraren kontra. Eta berdin Ojuel eta Labaka hernaniarrek, eta Lizeaga anai astigartarrek, Euskal Herrikoan. Galdu egin zuten, bi bikoteek.

Garaipena Iker Salaberriak lortu zuen profesionaletan, Promozioko Binakako Txapelketan: 22-20 nagusitu zitzaizkion Tolosarekin, Elordi eta Etxebarriari.

Eta emaitza onenak, Udaberri Txapelketan, eta Zizur zein Malerrekako torneoetan lortu dituzte. Udaberrikoan, sei partidutik lau irabazi dituzte: galdu gabe jarraitzen dute Jara-Etxarri, Apaolaza-Lasa eta Arizmendi-Altuna hernaniarrek.

Malerrekako torneoan, aurrera egin zuten GoikoetxeaEtxarri eta Jara-Eskuza bikote hernaniarrek. Eta Zizurren, lau t'erdikoaren hurrengo fasera sailkatu dira Jon Jara eta Julen Deskarga hernaniarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!