Datorren ostegunean, greba orokorrerako deia egin da, «Lan, pentsio eta bizitza duin baten alde» egiteko asmotan. Pasa den astearte honetan, mahai-ingurua egin zuten Biterin, eta bertan hainbat zalantza argitzeaz gain, hausnarketa bat egin zuten, eta grebaren arrazoiak mahai gainean jarri zituzten. Horrez gain, ELA eta LAB sindikatuek ere egin zuten agerraldia, eta grebarekin bat egitea eskatu zuten «arrazoiak soberan daudelako, eskualdeko langile guztiei urtarrilaren 30ean enpresak ustu eta kaleak betetzeko eskatzen diegu, Lan, pentsio eta bizitza duinaren alde». Beste hainbat eskaera ere luzatu dituzte: «Zapatero eta Rajoiren lan erreformak bertan behera uztea, 2011 eta 2019ko erreformetan onetsitako pentsio murrizketak indargabetzea, pentsio inguruko beste neurri batzuk aldarrikatzea», eta gehiago.
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua bat grebarekin
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere bat egingo duela adierazi dute datorren osteguneko greba orokorrarekin. «Oso lotsagarria da Gipuzkoan agintean dauden alderdien jokabidea, eta arrazoi askorengatik, bat egiten dugu greba orokorrarekin eta herritar oro animatu nahi dugu gauza bera egitera».