Aurrematrikulazioa

Aurrematrikulazio kanpaina martxan, datorren astetik

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 25a, 00:00
Astelehenean irekiko da aurrematrikulazio epea, EAEn; Nafarroan, otsailaren 3tik 7ra egin beharko da.

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra arteko epea jarri du, eta Nafarroako Gobernuak otsailaren 3tik 7ra artekoa.

Datorren astean hasiko da Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen aurrematrikulazio kanpaina, 2020-2021 ikasturterako. Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra arteko epea jarri du aurrematrikulak egiteko, eta Nafarroako Gobernuak otsailaren 3tik 7ra artekoa. 

Beraz, Astigarraga, Hernani eta Ereñotzuko ikastetxeak aukeratzen dituzten ikasleak izango dira aurrematrikulazioak egiten aurrenekoak. Goizuetar eta aranoarrek Goizuetako Xalto eskola dute gertuen, eta bertan aurrematrikulazioa egiteko epea astebete beranduago hasiko da.

EAEko eskaera bakarrean, 12 ikastetxera arte aukeran
Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra arteko epea jarri du aurrematrikulazioak egiteko, eta bi modu izango dira eskaerak egiteko: internet bidezkoa, eta aurrez aurrekoa. Internet bidez eskaerak egiteko epea otsailaren 6an bukatuko da, eta datuak www.euskadi.eus/hezkuntza webgunean bete behar dira. Aurrez aurreko eskaerak, berriz, otsailaren 7ra arte egin ahal izango dira lehenengo aukerakoa den ikastetxeko idazkaritzan, hark zehaztutako ordutegian.

Eskaera bakarra aurkeztu beharko da ikasle bakoitzeko, gehiago aurkeztuz gero bakar bat ere ez baita kontuan hartuko. Horrek ez du esan nahi, ordea, ikastetxe bakarra aukeratu behar denik. Hain zuzen, eskaera bakarrean 12 ikastetxera arte aukeratu daitezke, bakoitza dagokion hizkuntza eredukoa izanda. Garrantzitsua da ikastetxe bat baino gehiago aukeratzean lehentasunen arabera ordenatzea, ikasleari ikastetxe bat esleitzean orden horren arabera ahal den onena esleituko baitzaio.

Eskaerarekin batera, dokumentazioa
Aurrematrikulaziorako epe honen barruan, eskaerak egiteaz gain, hainbat dokumentazio ere aurkeztu behar da, derrigorrez. Besteak beste, ondorengoak: ikaslearen familia-liburuko fotokopia edo dokumentu baliokidea; familia liburuaren aita/amaren orriaren fotokopia edo lege-tutorea izatearen ziurtagiria; ikaslea familia-harreran dagoen kasuetan, dagokion ziurtagiri ofiziala; aita, ama edo tutorearen NAN edo AITa; familia-erroldaren ziurtagiria; premia berezietako ikaslea izanez gero, hezkuntza Premia Berezietako galde-sorta; EAEtik kanpo ikasten duen ikaslearen kasuan eta Lehen Hezkuntzan edo DBHn onartzeko eskatzen badu; egindako ikasketen ziurtagiria, gaur egun egindako maila zehaztuta; eta familia banadua edo dibortziatua izatekotan, Hezkuntza Sailak ezarritako berezko protokoloa. Azken kasu honetan, gainera, bi alderdien arteko adostasuna behar da eskaerak egiteko, epai judizial batek baimena gurasoetako bati bakarrik ematen dion kasuetan izan ezik.

Bestelako dokumentazioari dagokionez, kasu bakoitzean eskatzen den dokumentazioa entregatu beharko da, baremoko puntuak lortzeko; bizilekuaren araberako eremu-puntuetarako, familia-errentagatiko puntuetarako; familia ugariko puntuetarako...

Hau guztia ere aurrematrikulazio epearen barruan aurkeztu beharko da, bestela ez baita kontuan hartuko, eta eskaera osatu gabe geratuko baita.

Bi urteko geletarako eskaerak; instituturako ez
Datorren ikasturtean Haur Hezkuntzako 2 urtekoen maila eta DBHko 4garren maila arteko ikasleei zuzendutako aurrematrikulazio kanpaina izango da hau; 2 eta 16 urte arteko ikasleei zuzendua, hain zuzen. Hala ere, bi urteko edo hortik gorako mailan matrikulatuta dauden ikasleek eta hizkuntza-eredu berean jarraituko dutenek ez dute eskaerarik aurkeztu behar, eta ikasle horren jarraipena bermatuta egongo da, ikastetxe horretan hurrengo maila ematen bada.

Era berean, DBH egiteko aukerarik ez dagoen ikastetxe batean Lehen Hezkuntzako 6garren maila egiten ari diren ikasleek ez dute eskaerarik aurkeztu behar atxikitako institutura, ibilbidekoa den horretara sartzeko, ez bada hizkuntza-eredua aldatu nahi dela edo atxikitutako institutuak bat baino gehiago direla eta bat aukeratu behar dela.

Bestalde, urtebeteko gelan dauden ikasleen kasuan, bi urteko gelan jarraitzeko eskaera aurkeztu behar da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza-sisteman bi urteko edo hortik gorako ikasleak sartzen dira, eta beraz, urtebetekoen mailan matrikulatuta egonda ere, bi urtekoen mailan sartzeko onarpen prozesuan parte hartu behar da, eta, beraz, eskaera egin.

Azken hauek plazarik gabe geratuko balira, aurrematrikulazio epea bukatuta plaza libreak dauzkaten ikastetxeek datorren ikasturtea hasi arte jasotzen diren eskaerei erantzungo diete.

Urtebeteko gelan dauden ikasleek bi urteko gelan jarraitzeko ere eskaera aurkeztu behar dute kanpaina honetan, nahiz eta ikastetxe berean jarraitzeko asmoa izan.

Era berean, gaur egun ikastetxeren batean matrikulatuta ez dauden ikasleei ere Lurralde Ordezkaritzak plaza bat esleituko lieke ofizioz. Gerta daiteke, baita ere, familia bereko bi kide onarpen-prozesuaren ondorioz banaduta geratzea ere; hau da, batek onarpena lortzea eta besteak ez, edo biak onartuak izatea, baina ez zentro berean.

Erreklamazioak, martxoan
Kanpaina hasi besterik ez da egingo astelehenean, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikastetxeei dagokienean. Aurrematrikulazio epea otsailaren 7an bukatuko da, eta eskatzaileen zerrenda otsailaren 25ean argitaratuko da. Behin-behineko zerrendak, hala ere, martxoaren 17an argitaratuko dira.
Segidan, erreklamazioak egiteko epea edo eskaeran atzera egiteko epea irekiko da martxoaren 25era arte, eta behin-betiko zerrendak martxoaren 31n kaleratuko dira. Hauei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko epea, berriz, apirilaren 30era artekoa izango da.

Bestalde, aipatutako Lurralde Ordezkariek esleitutako plazen zerrendak argitaratuko dira apirilaren 21ean, eta plaza hauei uko egiteko epea maiatzaren 5era artekoa izango da.

Azkenik itxarote-zerrenda egingo da, eta irailaren 18ra arte iraungo du.

Eskaerak ikastetxean, Nafarroan
Beranduago irekiko da Nafarroan aurrematrikulazioak egiteko epea. Otsailaren 3tik 7ra egin ahal izango dira, eta eskaerak lehenengo aukerakoa den ikastetxeko administrazioan entregatu beharko da.

Derrigorrez aurkeztu behar den dokumentu edo agiria izango da, batetik, eskabide orria; hiru urteko haurren kasuan, mota batekoa izango da, eta gainontzeko ikasle guztientzat, beste mota batekoa. Era berean, familia-liburuaren, pasaportearen edo jaiotza-agiriaren kopia bat ere entregatu beharko da, eta erroldatze-ziurtagiria.

Horrez gain, bestelako dokumentu batzuk ere aurkeztu beharko dira baremoko puntuazioak lortzeko: lanpostuaren ziurtagiria, desgaitasunaren ziurtagiria edo txartela, errenta-aitorpena... Kasuan kasukoa.

Erreklamazioak, martxoan baita ere
Behin eskaerak egiteko epea bukatzean, zozketa publikoa egingo da Hezkuntza Departamenduan otsailaren 14an, eguerdiko 13:00ean, eta lehenengo aukerako ikastetxeetan onartuak izan diren ikasleen behin-behineko zerrenda argitaratuko da martxoaren 2an.

Ondoren, behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira martxoaren 9 eta 10ean, 14:00ak arte. Hauek, lehenengo aukerakoa den ikastetxean aurkeztu beharko dira. Honen ondoren, onartutako ikasleen behin betiko zerrenda martxoaren 12an argitaratuko da, eta onartu ez diren ikasleentzako ikastetxeak esleitzeko prozesua martxan jarriko du Departamentuak, martxoaren 13tik 24ra bitartean. Hiru urteko ikasle onartuen zerrenda ere martxoaren 24an argitaratuko da.

Ondoren, martxoaren 25etik 27rako tartean, epea irekiko da hiru urteko ikasleek matrikula egin dezaten, edo aukera hobetzea eskatu dezaten.
Gainontzeko ikasleek ekainaren 22tik 25erako tartea izango dute matrikula egiteko; bakoitzak, onartua izan den ikastetxean.

Zalantzak argitzeko, www.prematricula.navarra.es webgunera edo 948 012 012 telefonora jo daiteke.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!