Maiatza izango da Urumea bailaran, aurten ere, mendi lasterketen hilabetea. Orduan egingo dira Goizutrail eta Ereñotzuko Mendi Lasterketa, 15 eguneko epean.
Goizutrail izango da aurrenekoa, ohi bezala, eta maiatzaren 16an jokatuko da. Goizeko 09:00etan Plazatik abiatuta, aurreko urteetako hiru aukerak izango dituzte partehartzaileek, zazpigarren edizio honetan ere: 25 kilometrokoa, 10 kilometrokoa, edo ibilbide luzea erreleboka (batek 10 kilometro eta besteak 15). Eneko Elorri aldera egingo dute aurreneko zatia, eta Mandoegin gora bigarrena. Laster zabalduko dute izenematea.
Ereñotzuko lasterketak, 10garren edizioa
Bi aste beranduago izango da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, maiatzaren 31n, igandearekin. Edizio borobila izango du aurtengoa lasterketak, 10garrena, eta azkeneko urteotako ibilbidea mantenduko du: 12 kilometro inguru, Aiako Harria parke naturalean barrena, Urdaburura igota. Joan den urtean bezala, goizeko 10:00etan abiatuko dira korrikalariak, frontoitik.