Beste urte batez, txotx denboraldiari hutsik egin gabe, sagardoa eta bertsoaren arteko lotura ekarri du bailarara, Dobera Euskara Elkarteak. Seigarrenez antolatu du Bota Bertsoa! bertso paperen lehiaketa, Iraulio Panttalone Bertso Kabiyarekin elkarlanean, eta aurtengoan, honakoa da kanturako jarri duten gaia: Sagardorik ez balego?
Hortaz, sagardo faltari kantari jarriko dituzte aurten, bertsolariak eta sagardozaleak. Horrekin, berreskuratu nahi dute «bertsoaren eta sagardotegiaren arteko harremen estua». Eta era berean, sagardotegietan giro euskalduna piztu nahi dute Doberak eta Hernaniko bertso eskolak, euskeraren erabileran eraginez; eta euskal kultura ere sustatu eta indartu nahi dute.
Zentzu horretan, nabarmendu dute «oso balorazio positiboa» egiten dutela sagardotegiek urtero: «egitasmoari esker, oso giro polita sortzen omen da sagardotegietan», azaldu dute.
22 sagardotegitan aukera, lehiaketan parte hartzeko
Lehiaketan parte hartzeko, sagardotegietan egongo dira kutxak; guztira, Hernani, Astigarraga eta Urnietako 22 sagardotegitan. Datorren astetik aurrera egongo dira, eta ordutik hasita, martxoaren 22ra arte hartu ahal izango da parte.
Horretarako, paperean idatzi behar da bertsoa, nahi den doinu eta neurrian; eta izen-abizenak eta telefonoa jarrita, sagardotegian dagoen kutxan sartu. Bestela, emailez ere bidali daitezke bertsoak, helbide honetara: dobera@dobera.eus.
Mota guztietako sariak, partehartzaileen artean
Jasotako bertso guztien artean, bertso eskolako kideek aukeratuko dute zein izango diren sarituak. Baina mota guztietakoak izango dira sariak, aurten ere, aspektu ezberdinak baloratuz: bertsorik sakonena, umoretsuena, poetikoena, teknikoena, morbosoena... Hortaz, sari ugari banatuko dituzte aurten ere; sagardogileek emandako opariak, hain justu: otorduak, sagardo kaxak...
Behin sarituak erabakita, ekitaldia egingo dute, sariak banatu eta bertsoen emanaldia egiteko. Apirilaren 3an egingo dute hori, eta ziur saltsa eta umorea izango dituela ekitaldiak ere. Izan ere, saritutako bertsoak kantatzera igotzen dira taula gainera, egileak.
Joan den urtean, 130 bertso baino gehiago izan ziren lehiaketan, Aurten? Iaz baino hobea gaia jarrita. Iazkoa baino hobea izango ote da aurtengoa, bertso gehiago jasota?
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!