futbola

Emaitza bakoitzetik bana lortu dute, gorengo hiru taldeek

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 14a, 00:00
Rotetaren aurrean bana berdinduta, hurrengo arerio gogorraren aurrean aritzeko kemena bildu du Mundarrok.

Hernaniko mutilak izan dira garaipena lortu dutenak, 2-1, Anaitasunaren kontra. Neskek, berriz, 1-0 galdu dute Erandioren aurrean. Mundarroko mutilek, bestalde, bana berdindu dute Rotetaren kontrako partidua.

Denetariko emaitzak izan dituzte Hernani eta Mundarroko gorengo hiru taldeek, asteburuan. Ohorezko erregional mailan, Hernanik irabazi egin du 2 eta 1 Anaitasunaren kontra. Euskal Ligan, berriz, galdu, 1 eta 0, Erandioren kontra. Mundarrok, bestalde, bana berdindu du Rotetaren aurrean, Gorengo mailan.

Aurreneko itzuliari amaiera mutilek; bigarrenari hasiera neskek
Hernani eta Mundarroko  mutilen kasuan, Ligako aurreneko itzuliko azken partiduak jokatu dituzte.

Mundarrok Rotetari egin behar izan dio aurre. Lau postu gorago dijoa sailkapenean, 24 punturekin, eta Mundarro 11garren dijoa, 18rekin. Ez zen partidu erraza, beraz. Baina ondo aritu ziren etxekoak. Hasieratik nahiko itxia izan zen partidua, eta kosta egiten zen aukerak sortzea. Baina Mundarrok aurkariaren akats bat baliatu zuen markagailuan aurretik jartzeko. Minutu gutxira partiduko aukerarik garbienean huts egin bazuten ere, atsedenaldira aurretik iritsi ziren, beraz, etxekoak.

Bigarren zatian ez zen jokoa gehiegi aldatu. Baina minutuek aurrera egin ahala aurkariaren nekea nabarmentzen hasi zen, eta Mundarrok espazio gehiago hartu zuen. Hala ere, ezin izan zuen bigarren gola satu, eta denbora gehigarrian, Rotetak berdindu egin zuen partidua.

Hurrengo partiduan Ligako bigarren itzuliari ekingo diote, eta Mundarrok Deustori egin beharko dio aurre; hirugarren dijoa, eta Ligako aurreneko partiduan hark irabazi zien astigartarrei.

Hernanik, bestalde, txukun jokatu zuen Anaitasunaren aurka. Hernani baino bi postu gorago dago sailkapenean, bigarren, eta ez zen partidu erraza izan. Baina Hernani bera aurreratu zen markagailuan, partiduaren lehenengo erdian, eta urduritasun momentuak izan baziren ere, eutsi egin zion, garaipeneko hiru puntuak etxean geratzea lortu arte. 

Hurrengo partiduan, Beti Gazteren aurka hasiko du Ligako bigarren itzulia. Hau postu bat gorago dago, hirugarren, bi puntu gehiagorekin. Baina Liga hasieran Hernanik irabazi zuen norgehiagoka, eta azken joko txukunari jarraipena ematen saiatuko dira berdeak.

Euskal Ligako neskei dagokienez, bigarren itzuliko aurreneko partidua jokatu zuten Erandioren kontra, eta 1 eta 0 galdu zuten. Sailkapenean 10garrena da Hernani, eta Erandio 3garren. Hurrena, Barakaldoren aurka aritu beharko dute; postu bat gorago dagoenaren kontra.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!