TXIRRINDULARITZA

Urko Semperena bikain Bordelen, eta Mangas eta Muñoz Donostian

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 11a, 00:00
Urko eta Telmo Semperena (ezkerretik hirugarrena eta seigarrena) Bordelen, selekziokideekin. Argazkia: 'trackpiste.com'

Laugarren sailkatu zen astigartarra, Neguko Txapelketako omniumean; eta aurre-aurrean ibili ziren bi hernaniarrak ere: Naia Mangas laugarren tempoan eta danesan, eta Ekhi Muñoz bigarren puntuazioan.

Bi hitzordu izan zituzten txi­rrindulari hernaniar eta asti­gartarrek, joan den asteburuan, pistako denboraldiarekin. Ba­te­tik, Bor­de­len izan ziren Urko eta Telmo Semperena astigartarrak, Gi­puz­koako selekzioarekin, Ne­gu­ko Txapelketa lehiatzen. Eta bestetik, Bio Racer Sariarekin jarraitu zuten Donostiako belo­dromoan, gainerako gehienek.
Anaia zaharrenak ekarri zu­­en emaitzarik onena, Borde­letik. Laugarren sailkatu zen, 23 urtez azpikoetan, lau probako omniumean. Scratch proba ira­bazi zuen, hasteko; eta tempoan bosgarren eta elimi­na­zioan lau­garren eginda, sail­kapeneko hi­ru­garren postuan iri­tsi zen azkeneko probara, puntuazio­ra. Baina azkenean, aurrea hartu zioten Pierre Crema eta Vincent Crabos frantziarrek, 123 eta 121 punturekin, berak 114 lortu zi­tuen bitartean. Nicolas Hamon na­gusitu zen, 151rekin.
Telmo Semperena, berriz, bederatzigarren izan zen junior mailan, 78 pun­turekin. Elimi­na­zioan lortutako laugarren postua izan zen bere onena, eta seigarren iritsi zen azkeneko probara, baina ez zen ondo aritu puntuazioan.

Naia Mangas erregular, berriro
Donostiako belodromoan aritu ziren bailarako beste zortzi txi­rrindulari. Nesketan, Bio Racer Sariko hirugarren postuari eutsi dio Naia Mangas hernaniarrak, beste behin oso erregular aritu­ta. Laugarren izan zen tempo proban, aurrena; eta pun­tu­a­zioan hamargarren egin ondo­ren, beste laugarren postu ba­tekin bukatu zuen igandeko jar­dunaldia, dane­san. Maddi Arizmendik, berriz, ezin izan zuen punturik lortu: 21garren izan zen tempoan, eta 33garren puntuazioan.
Mutil kadeteetan izan zen partehartze haundiena, Ekhi Muñoz, Aner Zilbeti, Unax Urre­tabizkaia eta Markel Rodriguez hernaniarrekin, eta Tasio Sem­­perena astigartarrarekin. Urre­ta­biz­kaia izan zen denetan one­na eliminazioan, 13garren, baina punturik lortu gabe. 16ga­rren izan zen Muñoz. Baina gero, puntuazioan, bigarren postua lortu zuen Muñozek, eta 12 puntu eskuratuta, sailkapen nagusiko bederatzigarren postura igo da; justu Urretabizkaiaren aurretik. Puntuazioan 11garren izan zen Urretabizkaia bera, eta 12garren Zilbeti.
Eta azkenik, mutil juniorren kategorian, Iker Iriondo herna­niarrak soilik hartu zuen parte: 20garren izan zen scratchean, eta 17garren puntuazioan.
Bihar, berriz, zita garran­tzi­tsua dute denek: Gipuzkoako Txapelketa izango dute jokoan, goizeko 09:00etatik 14:00etara, Donostiako belodromoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!