TONTORREZ TONTOR

Urteko lehenengo ibilaldiak Iparraldean Ziburumendira eramango ditu mendizaleak

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 11a, 00:00
Ziburumendiko tontorra atzean itsasoa dagoelarik.

Urtarrilaren 19an egingo da eta 2020a hasteko bi orduko ibilaldia izango da zailtasun haundirik gabekoa. Larrun ondoan gailur xume bat da eta ez da jende asko hurbiltzen bertara nahiz eta bista izugarriak eduki bertatik.

Helduentzako urteko lehenengo ibilaldia Ziburumendira antolatu du Mendiriz Mendik bihar zortzi, urtarrilaren 19an, San Sebastian bezpera egunez. Hasiera polita etxetik gertu eta zailtasun haundirik gabea.

Ziburumendi Larrun mendiguneko gailur xume bat da.  Itsasotik hasi eta Pirinioetako lehen gailur aipagarria da. Justu alboan duen Larrun mendiak duen erakarpen haundiagatik ia inor ez da ohartzen Ziburumendiko gailurra hor dagoela, baina hor dago. Hori dela eta jende gutxi hurbiltzen da bertara eta lasaitasunez gozatzen den mendia da.

Nahiz eta gailur txikia izan, bertatik gozatzen diren bistak izugarriak dira. Hego-ekialdera Larrun, hego aldera Mendaur, mendebaldera Aiako Harria, ipar-mendebaldera Ibardineko lepoa eta ipar aldera Lapurdiko eta Landetako landazabalak. Paisai guztia etxe eta baserri zuriz josia. Eta guzti horri ginda jartzeko, Donibane Lohitzuneko badia deigarria aurrean dugula, Kantauri itsaso urdina ondoan.

 

Jaitsiera kontrako mendi-hegaletik egingo da

Trabaniatik hasi eta hego aldera doan errepidea hartu behar da. Ziburumendiko gailurra zerumugan bereizten da. GR10 ibilbideari jarraituz Mantto Baita landetxera iritsiko gara.

Errekatxo bat ezkerrean utziz, aurrera jarraitu behar da. Basotik irteterakoan Larrun mendiaren profil deigarriak gure atentzioa deituko du. Bideari jarraitu behar zaio Deskarga lepora iritsi arte.

Lepotik begiratuta Ziburumendi gure eskuinean (ipar aldean) geratzen da. Ezker aldetik Larrunera joateko aukera dago. Bi aldapatxo gainditu eta gailurrean gara. Amabirjina eta gurutzea gailurrean.

 

Jaitsiera kontrako bidetik egingo da

Jaitsiera kontrako mendi-hegaletik egingo dugu. Zig-zag eginez bideak behera egiten du. Borda baten albotik pasatu eta igotzerakoan erabili dugun bidera iritsi baino lehen, Larrun mendiari azken begiratua emateko aukera izango dugu. Igotzeko bidera iristerakoan, bideari jarraituz berehala gara ibilbidearen amaieran.

Non kokatzen da: Lapurdin
Datu Interesgarriak
:
Luzera: 5 kilometro.
Denbora: 2 ordu.
Desnibela: 350 metro inguru gorantz eta beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibilbide luzea.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendi: Urtarrilaren 19an egingo du irteera hau. Goizeko 08:30etan Atsegindegitik.
Izenematea: Berri zehatzagoak izateko elkarteko bulegotik, Iturregi plazan, pasa astelehen, ostegun edo ostiraletan 20:00etatik 21:00etara. Izena emateko epea urtarrilak  16ean amaitzen da.
Oharra: Irteera egun erdikoa da. 13 eta 10 euro balio ditu bazkide ez direnentzat eta direnentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!