Farmaziak

«Urgentziazko arrazoia behar litzateke gaueko farmaziara etortzeko, baina denetik izaten da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 4a, 00:00

Haizea Etxeberria eta Lierni Txintxurreta lagunduko ditu laster, praktiketan, Blanca Gastelurrutiak.

Urtero aldatu egiten da gaueko txandaz arduratzen den farmazia. 2019an Hernaniko Aldaberi egokitu zaio, eta 2020an, Urrutiak hartuko dio erreleboa, Hernanin baita ere. Hernani, Astigarraga eta Urnietarako zerbitzua izaten da.

Urte berriari gogotsu eman diote hasiera Hernaniko Etxeberri auzoan dagoen Urrutia farmazian. Lehendik ere ez zuten lanik falta, eta aurten, 2020an, gaueko txandako farmazia lanak egitea ere egokitu zaie. 

Dena den, egunean zehar lanean aritzen direnek gauean ere aritu beharraren kargarik ez dutela azpimarratzen dute Haizea Etxeberria eta Lierni Txintxurreta farmazialariek, arinduta. «Farmazia guztien artean hiru farmazialariren soldata ordaintzen dugu, eta hiru horiek izaten dira gaueko txandak egiten dituztenak, farmazia guztietan, txandaka. Urtero, dagokion farmazian aritzen dira. Eta eskerrak!».

Urrutia farmaziak emango du gauetako zerbitzua, hortaz, 2020an zehar. Hernani, Astigarraga eta Urnietako herriei zuzendutako zerbitzua izango da.

2020an gaueko txandako farmazia izango da Urrutia farmazia. Baina ez duzue aurreneko aldia, ezta?

Ez. Txandaka aritzen gara, Hernanikoen artean. Gaueko txanda egin behar duen farmaziak guardian egoten den anbulatorioa daukan herrikoa izan behar du. Orain dela hiru bat urte ere egokitu zitzaigun gaueko txandako farmazia izatea, eta orain, berriro!

Gaueko txandan aritzeak zer esan nahi du?

Gaueko txandako farmaziak irekita egoten dira gaueko 22:00etatik goizeko 09:00ak arte, astelehenetik igandera, urteko egun guztietan. Baina gu ez gara aritzen txanda horretan lanean. Horretarako hiru farmazialari daude. 


Zein arrazoi izan daiteke ona, gaueko farmaziara jo behar izateko?

Normalean, urgentziazko arrazoia behar litzateke, baina denetik izaten da...

Kasu bitxiren bat gogoratzen duzue, aurreko txandatik?

Hori ondoen gaueko txandan aritzen diren hiru farmazialariek jakingo dute. Baina izaten dira kasu bitxiak, bai. Behin, adibidez, lankideen arten aipatu zelako jakin genuen, izan zela emakume bat, goizeko 07:00etan mamia egin behar zuela bururatuko zitzaiona, eta gatzagi bila etorri zena!

Eta sustorik izan duzue? Gauez lan egiteak arriskurik dauka? 

Ez dugu ezer entzun... Baina farmaziako atea gauetan itxita egoten da, badaezpada. Tinbrea jo behar izaten da, eta lehiatila batetik egiten zaio kasu bezeroari. 

Zein izan daitezke, orduan, urgentziazko arrazoi horiek, gaueko farmazia batetara jo behar izateko?

Adibidez, gerta liteke ospitalean ingresatuta egotea, eta alta berandu ematea, 22:00ak aldera. Orduan, handik aterata, ez dizu denborarik emango farmazia batera joateko, eta gauekora jo dezakezu. Edo izan liteke ba­pa­te­an min haundiarekin es­na­tzea gauean, eta etxean ezer ez edukitzea.

Zeren bila etortzen da jendea, gehienbat?

Gehientsuenak errezetarekin etorriko direla pentsatzen dugu. Baina baita haurdunaldiaren kontrako hurrengo eguneko pilularen bila ere...

Zuek eguneko txandan aritzen zarete. Zenbat aritzen zarete?

Lanaldi erdian aritzen direnak tarteko, gehiago gara. Baina denera, lanaldi osoko hiru langileren postuak betetzen ditugu.

Eta nolakoa da herritarrekin daukazuen tratuta?

Normalean eguneroko tratamenduen bila etortzen dira. Gertutasuna medio, auzoko jendea etortzen da gehienbat. Agian, gauza delikatuagoen bila mugituko dira beste toki batzuetara eta gu ez gara enteratu ere egiten. Baina bestela, hemen gertuko tratua ematen dugu, eta konfiantza izaten dugu. Normalean jende heldua etortzen da gertutasun horrengatik. Gazteei berdin zaie; gertuen edo parean tokatzen zaien farmaziara jotzen dute!  

 

ASTIGARRAGA, HERNANI ETA URNIETAKO FARMAZIAK

ASTIGARRAGA
- Aguado farmazia. Kale Nagusia, 21 (Eroskiren aurrean). 
Tlf: 943 55 03 27.
- Tena farmazia. Kale Nagusia, 16. Tlf: 943 54 37 18.

HERNANI
- Echeveste farmazia. Elkano kalea 9, behea. Tlf: 943 55 20 87.
- Castilla-Larburu farmazia. Urbieta kalea, 7. Tlf: 943 55 29 41.
- Gomez farmazia (Justel). Kale Nagusia, 14. Tlf: 943 55 48 92.
- Urrutia farmazia. Etxeberri auzoa, 1. Bº Florida. Tlf: 943 55 77 38.
- Etxebarria farmazia; 'Cuevas'. Andre Kalea, 48. Tlf: 943 55 17 92.
- Aldabe-Romero farmazia. Perkaiztegi kalea, 8 (Antziola). Tlf: 943 33 60 22.
- Aizpuru farmazia. Latsunbe Berri, 11. Tlf: 943 33 60 77.

URNIETA
- Tanco farmazia. Idiazabal kalea 39. Tlf: 943 55 09 42.
- Odriozola farmazia. Idiazabal kalea, 18. Tlf: 943 33 40 14.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!