Kronika

Hiru urterako itun ekonomikoa Foru Aldundiarekin, hedabideen eredu berriari esker

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 4a, 00:00
2019ko martxoan aurkeztu zuten eredu berria erakundeetako eta sektoreko ordezkariek. Argazkia: Gobernu irekia.

Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru Foru Aldundiek sektorearekin egindako akordioari esker, Kronikak bikoiztu egingo du datozen 
hiru urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik jasoko duen diru-laguntza.

Duela urtebete luze iragarri bezala, euskerazko hedabideen finantziazioa aldatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak 2019an. Eta tartean, Kronikari eragin dio aldaketa horrek. 

Euskerazko hedabideak finantzatzeko eta babesteko eredu berri honek, hainbat aldaketa ekarri ditu. Batetik, erakundeen artean laguntzak ordenatu egin dituzte; hortaz, Eusko Jaurlaritzak hedabide nazionalak lagundu ditu, eta tokikoak, aldiz, Foru Aldundiek. Eta bestetik, epeak ere aldatu dituzte; hiru urteko ituna da Gipuzkoan egin dena -ez da hala izan Bizkaian eta Araban-.

Bi urteko lanaren emaitza da eredu berri hau. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiekin eta HEKIMEN euskerazko hedabideak biltzen dituen elkartearekin eta TOKIKOM toki komunikabideen elkartearekin egindako prozesua du oinarri. Aldaketa honen xedea da: «hedabide horien egonkortasuna eta beren eskaintzaren kalitatea bermatzea». 

Horretarako, hedabide bakoitzaren gastuen %30a estaliko dute laguntzek. Era berean, hedabide bakoitzak, gutxienez, beste hainbeste lortu beharko du autofinantzazio bidez.

Laguntza bikoiztua, Kronikari

2019-2021 hirurteko laguntza da, beraz, eredu berriarekin onartu den aurrenekoa. Aurreko urtean iragarri bezala, Foru Aldundiaren bitartez eskatu ahal izan du Kronikak.

Gipuzkoako tokiko hedabideei zegokion deialdia, 2019ko uztailaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta bertan zehaztutako oinarrien arabera, 2019ko azaroaren 19an eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko emaitzaren berri. Denera, 9.186.840 euro banatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019-2021 deialdian, Gipuzkoako 18 tokiko hedabideen argitaratzaileren artean.

Horietako bat da Dobera Euskara Elkartea. Datozen hiru urteetan, 185.000 euro jaso ditu Kronikak 2019an; 187.500 euro jasoko ditu 2020an; eta 171.315 euro, aldiz, 2021ean. 

Horrek esan nahi du 2018arekin alderatuta, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik jasotako laguntza bikoiztu egin duela 2019an.
 

Azterketa kuantitatiboan oinarrituta, kalkulua

Esan bezala, hedabideen aurrekontuen %30a estaltzea bermatuko dute Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzek; baina betebeharrak izango dituzte hedabideek beraiek, beste %30a, finantziazio pribatuak estali beharko baitu: «Herri administraziook  ahalegin inportantea egingo dugu, baina hedabideen esku geratzen da beren komunikazio proiektuen bideragarritasuna», azaldu zuen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak martxoan egin zuten aurkezpenean.

Hori horrela, datozen urteetan Kronika egunero herritar eta laguntzaileei esker egiten jarraitzeko, etorkizunean ere, Kronikalarien komunitatearen babesa izango du oinarri.

Kalkulu horiek egiten laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hedabideen kostu estandarrei buruzko azterketa egin zuen Eusko Jaurlaritzak, lehenago. Berria egunkariak jakinarazi zuen bezala, Siadeco ikerketa elkartearen bidez egin zuen. Aztertu zuten zenbateko kostua izango lukeen komunikazio proiektu bakoitzak baldintza egokietan arituko balitz. Eta baldintza egoki horien baitan jaso du, hedabide bakoitzak, dagokiona. Kronikaren kasuan kontuan hartu dute 1.564 orrialde ekoizten direla 362 egunetan eta 4.419 ale banatzen direla, eguneko. Hiru urterako, 1.331.687,72 euroko aurrekontu estandarra onartu dio Foru Aldundiak Kronikari.

Produktua eta langileen baldintzak hobetzea, helburu

Egoera egonkortzea helburu izanik, Kronika hobekuntzak bi norabidetan egiten hasi da 2019an, eta horretan jarraituko du, datozen urteetan ere. Oro har, Kronika denontzat hobetzea izan da aldaketa hauen helburua.

Alde batetik, produktuan hobekuntzak egin dira: astearteetan ale berezia argitaratzeari ekin zion apirilean, paperaren kalitatea hobetu da, maketan aldaketak egin dira, baita webgunea berritu ere. 

Bestalde, Kronikako langileen baldintzak berrikusi dira, urte asko eta asko bere horretan mantendu baitira. 

Azkeneko urte honetan, beraz, soldata igo egin da, eta eguneroko lana aurrera eramateko beharrezko materiala berritzeko aurrerapausoak eman dira, baita ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!