LAB

«Udaltzaingoak 'Ertzaintzatu' nahia» salatu du LABek

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 28a, 00:00

Urkullu lehendakaria eta Beltran de Heredia segurtasuneko sailburua Hernaniko ertzain-etxean izan ziren irailean.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du urtarrilean Ertzaintza eta Udaltzaingo ezberdinetako lanpostuak betetzeko hautapen prozesu bakar bat jarriko duela martxan.

Urtarrilean Ertzaintza eta Udaltzaingo ezberdinetako lanpostuak betetzeko hautapen prozesu bakarra jarriko da martxan, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, eta LAB sindikatuak «hautaketa-prozesu bakarraren deialdia arbuiatzen» duela adierazi du, «EAJk eta Eusko Jaurlaritzak Udaltzaingoak 'Ertzaintzatu' nahi» dituztela salatuz.

«Aspaldiko helburua gauzatzen jarraitzeko beste urrats bat»

Sindikatuak azaldu duenez, lehendik datorren dinamikari jarraipena ematen dio hautaketa prozesu bakar baten deialdia  egiteak. «Aurrez Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsarekin, agenteen deialdi bateratuarekin, Seguratsun Publikoaren Legearekin, Udaltzaingoen Koordinazioarekin... egin bezala, aspaldiko helburua gauzatzen jarraitzeko beste urrats bat da hau. Segurtasun Sailak bere Ertzaintzarekin dituen arazoak udaltzainak kontrolatuz eta zuzenduz konpondu nahi ditu Erandiotik».

Era berean, LABek gehitu du hau ez dela eredu egokia. «Deialdi bateratuak ez baziren udaltzainen integraziorako eredu egokia, udaltzaingoko polizia eredua Ertzaintzaren berdina izan dadin emandako azken urrats hau, udaltzainen desintegraziorako erabateko apustua da. Erabaki hau funtzionatzen ez duen eta arazoak besterik ematen ez dituen eredu batekin sakontzeko beste urrats bat da. Jendartearen egungo arazoei erantzunik ematen ez dien eredu agortuan itsu-itsuan jarraitzea da». 

Udaltzaingoetako enplegu egoerari «soluziorik ez»
Honi guztiari «udal autonomia murrizten» dela gehitu behar zaiola uste du LAB sindikatuak, eta horrek Udaltzaingoetako «enpleguaren egoera larria» hobetzeko modurik ez duela jartzen.

«Aurreko urratsen moduan, Udal autonomia murrizten jarraitzeko bete pausu bat da honakoa. Negoziazio kolektiborako eskubidearen aurkako hamaikagarren erasoa izateaz gain, Udaltzaingo ezberdinetan dagoen enpleguaren egoera larriarekin bukatzeko soluziorik ez dakarren neurria da hau».
Hori horrela, sindikatuak hainbat neurri hartzeko eskatu du. Batetik, «Udal autonomia mu­rrizten jarraitzeko ha­mai­ka­ga­rren urratsa den deialdi honen au­rrean orain arte izandako utzi­keria albo batera utzi eta ar­duraz jokatzeko exigitzen diegu Euskal Herriko Udalei», azaldu du. 

Bestetik, «Udalez udal hautapen prozesu propioak martxan jartzeko unea» dela adierazi du, «Udaltzaingo plantilen dimentsioak aztertuz, herritarren beharrak gain hartuta zerbitzu publikoaren kalitatea haundituz. Udaletako LPZren (RPT) barruan dauden lanpostu guztiak eskaini daitezela, langileen ordezkariekin lehentasunak, prozesuak, profinal eta abar negoziatuz». 

Azkenik, LABek adierazi du «herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzain eredu bat defendatzen» duela. «Bada  garaia, euskal jendarteak eskatu eta behar duen kalitateko segurtasun publikoaren bidean, Euskal Polizia proaktiboa, jendartean integratua, jendartearen beharrei erantzungo diena eta berdintasun baloreetan oinarritutakoa abian jartzeko»   

700 ertzainen eta 26 udaletako 111 udaltzainen hautaketa, urtarrilean

Hautaketa-prozesuaren deialdia EHAAn urtarrilaren 8an argitaratzea aurreikusten da, eta 9tik aurrera eman ahal izango da izena.

Abenduaren 19an bildu zen Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Batzordea, Estefania Beltrán de Heredia segurtasuneko sailburua buru zela, eta urtarrilean argitaratzekoa den hautaketa-prozesuaren berri eman zuen.

Denera, 700 ertzainen eta EAEko 26 udaletako 111 udaltzainen hautaketa-prozesu bateratua martxan jarriko dela jakinarazi zuen. Aurreikusitakoaren arabera, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da 2020ko urtarrilaren 8an, eta hurrengo egunetik aurrera eman ahal izango da izena, otsailaren 5era bitartean. 

Deialdi honekin «ertzaintzako oinarrizko eskalako agenteen 700 plazarako 29. promozioa osatuko da». 1982tik egin den deialdirik haundiena izango da. Gehitu dute deialdiko lanpostuen kopurua «zabal litekeela», udaletako udaltzaingoetan, arrazoi ezberdinengatik, hautaketa prozesuak iraun bitartean agente plaza berriak sortu ahala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!