Bertsolaritza

[ZUZENEKO JARRAIPENA] Beñat Gaztelumendik jantzi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 14a, 16:28
[ZUZENEKO JARRAIPENA] Beñat Gaztelumendik jantzi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela

Ilunbetik zuzenean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaren jarraipena.

Beñat Gaztelumendik jantzi du txapela, eta Agin Laburu izan da bigarren.

Haiekin batera aritu dira Alaia Martin oiartzuarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Oihana Iguaran amasa-villabonarra, Ane Labaka lasartearra, Beñat Lizaso azpeitiarra eta Jon Maia urretxuarra.

2019ko abe. 14a, 21:33

Agurreko bertsoa bota du Beñat Gaztelumendi txapeldunak, bere aitak, Xabier Gaztelumendik txapela jarri ondoren:
Bertso eskola bukatzean
nor egoten zen gure zain?
Gaixo geundenean nor zen
min denak goxatzeko gai?
Guk festa egin genezan
nork ez zuen egiten jai?
Ta nork eraman gintuen
sabel barruan bi anai?
Nahiz ta igual ez zenuen
gaur protagonismorik nahi,
ama, hau zuri eskeini
gabe ez nengoke lasai,
ama, hau zuri eskeini
gabe ez nengoke lasai.
Xabierren semea naiz
ta Pilirena ere bai.

2019ko abe. 14a, 21:29

Agurreko bertsoa bota du Agin Laburuk:
Pailazoek sudurra, magoek txistera
eta bertsolariak berezko hizkera (bis).
Nahiz dardarka hurbildu, tabladu ertzera
zuek eskertu gabe ez noa etxera.
Ta hala bazan eta ez bazan
berriro bertsoen plazan elkartuko gera.

2019ko abe. 14a, 21:26

Horrela geratu da puntuazioa:
1. Beñat Gaztelumendi 940,5
2. Agin Laburu Rezola 916
3. Alaia Martin Etxebeste 576
4. Nerea Elustondo Plazaola 565,5
5. Oihana Iguaran Barandiaran 560
6. Ane Labaka Mayoz 552
7. Beñat Lizaso Alberdi 541
8. Jon Maia Soria 533

2019ko abe. 14a, 21:14

Beñat Gaztelumendi da Gipuzkoako txapelduna, berriro ere!
Bigarren postuarekin geratu da Agin Laburu astigartarra.

2019ko abe. 14a, 21:04

Eta osatu du kartzelako saioa ere, Beñat Gaztelumendik. Hauexek bere hiru bertsoak:

"Hogeita hamabi urte beteta bizi honetan ze talai
hamasei urte beteta hasi ginen parrandetan alai
ta izan ginen gure karrera ahal bezela lortzeko gai
asko lanean hasi ginen ta, askok oraindik han darrai
nik bikoterik ez det ordea, nere etxean nere zain
aurretiazko eskemak beti izan dira nere etsai
koadrilakoei esaten diet ta ez dute entzuten ai
nik ez dudala beraiek bizi diren bezela bizi nahi"

"Askotan hala esaten dute, ‘ea noiz zentratzen haizen’
ta gauza gutxik naute zentratu, hitzak adina gogaitzen
zentratzea da bukatu nahia alokairu bat ordaintzen
galdera asko egin gabe ta, hiru ume txiki zaintzen
larunbat gauez tabernek naute goxatzen eta alaitzen
gaztetan bizi nintzen bezela horrelaxe det jarratizen
ez nintzen molde horretan sartu neretzat estua baitzen
ta ezin duzue imajinatu, ze zoriontsua naizen"

"Gazte bizitzak noiz arte ote du jarraitzen eta irauten?
Nereak behintzat gaur arte badu, nik adina biziraupen
nahiz ta umetzat satelitetzat askotan hartu ohi nauten
nik nere lanak beraiek bezain ondo egin ditut aurten
afalostetan lan kontuetaz, gehiegi ez det jarduten
baina bizitzaz ea nork daukan nik adina ezagupen
eta berdin zait nik diodana, besteek entzuten duten
nik nahikoa lan badaukat eta nere burua entzuten"

2019ko abe. 14a, 20:52

Osatu du kartzelako lana Agin Laburuk. Autismoa duen haur baten aitaren azaletik kantatu du astigartarrak, eta Hernaniko errugbi elkartearen talde inklusiboari ere egin dio erreferentzia, bukaeran. Hauxek bere hiru bertsoak:

"Nere semeak autismoa du, denek jakin dezatela
gaixotasun bat izan daiteke, baina ez da hain ergela
laguntza behar du Jonek eta laguntza hori dena dela
bereiziz gero bi gela, seguru lortzen ez dela
nik Hezkuntzari eskatu diot, laguntza eman dezatela,
ta beti baietz esanagatik, entzun ez balu bezela"

"Ez dakit nahita edo nahi gabe, baztertu gaitun munduak
eta etxian sentitzen gera gizartetik urrunduak
ez dira igualak etxean eta gobernuko helburuak
arbelak ta liburuak, ez baitira seguruak
ingurunera egokitzeko lan egiten du buruak
baina umera egokitzeko zer egin du inguruak?"

"Gure sistema ez da aldatzen, eguzkitik eguzkira
ta Hezkuntzara ez dakit zenbat dei egin dedan guztira
soilik laguntza eskatzen det nik ez det eskatzen gupida
baina jende ona badira, joan gabe urrutira
ondoren rugby inklusibora joaten da Hernanira
ta irripar bat ateratzen zait harmailetatik begira"

2019ko abe. 14a, 20:45

Kartzelako lana osatzen aurrenekoa izango da Agin Laburu.
Hauxe dute gaia: “Esan eta esan aritu arren, ez entzunarena egiten dizute”

2019ko abe. 14a, 20:44

Eta puntukako lana ere osatu dute, futbolari buruz: “Reala eta Bartzelonaren partidua ikustera etorri zareten bi futbolzale katalan zarete. Nahastuta, Anoetara joan beharrean, Ilunbera etorri zarete”.

Umorez jositako bertsoak osatu dituzte elkarrekin. Hauek dira horietako hiru:

"Hara oholtza gainean Pique eta Messi
txalo jotzia besteik ez dute merezi
noiz txalo noiz ixildu ezin det bereizi
hau elizan bezela altxa eta jaitsi"

"Terroristen zentro bat deitzen zaio honi
Euskal Herrian bada nahikoa agoni
Goretex ta Quechuak hainbeste harmoni
hain gauza gutxirako hainbat zeremoni"

"Alperrik ari ziren ekin eta ekin
hainbeste bertso bota behar zanik enekin
ta hau noiz bukatzen da nola ezin dan jakin
azkar ixil gaitezen azkar buka dadin"

2019ko abe. 14a, 20:42

Binaka kantatuz ekin diote buruz burukoari. Sei puntuko motzean aritu dira aurrena.
Gaia, hauxe: “Urruneko planeta bateko biztanleak zarete. Zuen planeta susntsitzear dela eta, bizitzeko toki batera heldu zarete, lurrera. Zuri Agin, planeta egokia iruditzen zaizu, zuen espeziea bizitzeko. Beñat ez dago horren ziur”.

Agin:
Konkista degu bertute
ta bizirautian truke
hau konkistatu behar degunik ez zaude zu uste
nik hala egingo nuke
eta hobe dezu zuk e
ze gainontzian eurek bakarrik suntsituko dute.

Beñat:
Ai nere Agin pikaro
besteen odolari trago
hauen planeta galtzea ez zen izango arraro
Trump bertatik da igaro
beste asko bezela klaro
espazioan ez al geundeke askoz lasaiago!

Agin:
Trumpek sortzen du ikara
begiratu begirata
eta lurra da portzelana fin-finezko kikara
espazioa ez da traba
baina Beñat hara hara
zuk slasai nizi nahi dezu bauni aspergarria

Beñat
Espazioko ospela
aspergarria ez dela
zerorrek ere badakizu Agin neronek bezela
futbola eta txapela
dena lehia ta txepela
esango nuke extralurtarrak beraiek direla.

Agin:
Futbolista, bertsolari
nola txiki hala haundi
espezie hori desagertuta entzun zazu adi
poztuko dira ugari
zegatik ez hortan ari
ta fabore bat egingo diot uninbertsuari.

Beñat
Unibertsoa hiltzera
nahi dezuna horixe da
halare lurra ez da guretzat moduko aukera
gu lurrera azaltzera
joan aurretik galtzera
esnebidera joan gaitezen trago bat hartzera.

2019ko abe. 14a, 20:27

Buruz burukoan dira Hernaniko bertso eskolako bi kideak! Txapelaren lehian kantatuko dute Agin Laburuk eta Beñat Gaztelumendik!

2019ko abe. 14a, 20:26

Berehala jakinaraziko dituzte buruz burukoan ariko diren bi bertsolarien izenak. Beñat Gaztelumendi ikusi du ondoen Unai Agirrek, eta uste du Alaia Martin ariko dela berarekin, buruz burukoan. Agin Laburuk "oso gauza onak" egin dituela dio, baina pare bat aldiz erori dela.

2019ko abe. 14a, 20:25

Eta osatu du bakarkako saioa, Beñat Gaztelumendik ere. Hauxe izan du kanturako gaia: “Langabezia saria kobratzen daramazu urte erdia. Lan eskaintza bat jaso duzu, baina langabezia saria baino gutxiago kobratuko duzu”.

Honakoak bere hiru bertsoak:

"Igaro ditut mila bulego eta hamaika atari
kurrikuluma beso azpian lan eske kontu-kontari
bestaldekoak itxuraz dena entzuten du nahiko adi
ordea gero horren emaitza askotan ez da nabari
lan eskaintza bat ailegatu zait, ez da etorri opari
jatetxe baten ta sukaldean, bazkari eta afari
hamarna ordu asteburutan, bostehun bat euro sari
gaur egun lana deitzen diote esklabu izateari"

"Sei hilabetez nere buruan pixkanaka joan naiz hezten
nere gastuak ta kapritxoak ahal zen gisan bereizten
zegoen lekuan jasotzen eta, ez zegoen lekuan jeisten
tamalez nere patrikan dauden zuloak ez dira ixten
seirehun euroko alokairu bat, merkegi ona irizten
ta jakiak ze garesti dauden ere zaila da sinisten
nahiz ta saiatu aurrezten eta bankuan daudenak pizten
beti gordetzen, beti gordetzen, ta inoiz ez zait iristen"

"Nere aurretik zenbat pertsona diren hemendik igaro
behar duena zukutu nahian, zenbat nagusi pikaro
eskua daukat dardarka baina nere txistuari trago
telefonoa hartzeak nahiz ta sortu nahiko erreparo
bizi bakarrik egin nahi det nik ez det izan nahi esklabo
ikasten pasa nituen nere haurtzaro eta gaztaro
ta ezezkoa erantzun diot zergatia garbi dago
duintasunak balio baitu lan batek baino gehiago"

2019ko abe. 14a, 19:45

Finalisten erdiak kantatu du bakarkako saioan. Zortzien artean azkenekoa izango da Beñat Gaztelumendi.

2019ko abe. 14a, 19:31

Hauxe izan du bakarkako lanerako gaia Agin Laburuk: “Adingabeen zentro bateko arduraduna zara. Langileak behar dituzue, baina inork ez du zuenean lan egin nahi”.

Eta honakoak, haritu dituen hiru bertsoak:

"Begirada bat ezkutatua edo ahopeko burla
mundu guztiak norantza hortan jartzen ote du brujula?
Motxila haundi bat daukate haurrek, ezin da ahaztu sekula
baino motxila nola kentzen dan zeinek ta nola kalkula
beti bera pelikula, beti bera pelikula
inork gainera etorri nahi ez, hau da hau karga mardula
esan beharrik ez dute noski, traba egiten degula"

"Batak bestea tira dezake, ta batak bestea bultza
zentroan dena orekatu nahi, burua eta gorputza
desberdina da kultura eta desberdina da hizkuntza
nik eskeintzen det esku bat eta eskeini nahi det hezkuntza
hori baita gure funtsa, hori baita gure funtsa,
halere inor ez da etortzen mundu hortatik honuntza
eta nik biak behar nituzke, bai lana ta bai laguntza"

"Hipokresia izanagatik, gure gizarteko gaitza
beti berdina ez da izaten, jasotzen degun emaitza
bakardadea senti daiteke, diskriminazio latza
baina harrera zentrotan ere, zein dan daukagun ardatza
denak horretantxe datza, denak horretantxe datza
zurien mundu honekin nahiz ta sarritan egin zalantza
jende on asko badago eta, ez det galdu esperantza"

2019ko abe. 14a, 19:13

Bakarka ariko dira zortzi bertsolariak orain, gaia emanda, nahi duten doinu eta neurrian. Azkeneko ariketa izango dute, buruz burukoaren aurretik. Jon Maiak ekin dio, eta Agin Laburu ariko da segidan.

2019ko abe. 14a, 19:09

Sekulako txalo zaparradak eragin dituzte Beñat Gaztelumendik eta Oihana Iguaranek, hamarreko txikian. Honakoa izan dute gaia: “Pailazoak zarete. Oholtza ixkinetik, aretoa pixkanaka betetzen ari dela ikusten duzue”. Iruñako Udalak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia debekatu nahi izanari egin diote erreferentzia, biek.

Oihana:
"Pixkana doaz sartzen ume eta heldu
denen ilusioa suma dezakegu
emanaldi onena eskainiko degu
jendeari eskerrak indartsu gaude gu
udalak hustu zuna, herriak bete du"

Beñat:
"Anaitasuna bete degu hola hola
lehenengo filan haur bat baba dariola
hango muxugorria ta horko pottola
nahiz ta aulkitan ez den ikusten inola
ziur Enrique Maya begira dagola"

Oihana:
"Akaso egongo da gordeta ordea
gure emanaldia ikustea hobea
ze lehendik faltan dauka berak umorea
eta gure hizkuntza nahi luke gordea
ea kutsatzen zaio gure kolorea"

Beñat
"Ez zaiozula jarri horrela zepoa
kontu berezia da udaletxekoa
berez behar lukeena gure antzekoa
euskalduna haientzat beti ertzekoa
haien mundua baita zuri-beltzekoa"

Oihana:
"Marrazkiak bidali genitun aurrena
ea pixkat argitzen zitzaion barrena
ez det neregain hartzen Mayaren herrena
zuk begira jendeak ze poz dakarrena
haurren irriparra da mendeku ederrena"

Beñat
"Mendeku mota hontan a ze bi aditu
ume denak txaloka aditu, aditu
UPNk nahi zuen gurea gelditu
Opusi ohi diote errez obeditu
ta sudur gorri batek ikaratzen ditu"

2019ko abe. 14a, 18:55

Hamarreko txikian, Alaia Martinekin aritu da Agin Laburu. Hauxe izan dute gaia: "Duela egun batzuk, zuen lagun batek bere buruz beste egin zuen. Inguruan, gertatutakoaz ezer jakin nahian sumatzen duzue jendea".

Eta hauexek, osatu dituzte sei bertsoak:

Agin:
"Eskutiz hotz batekin esana adio
hori ezkutatzeak ez digu balio
halere familia hor dabil propio
eta ixiltasuna badu ondorio
mesede horrek orain nori egiten dio?"

Alaia:
"Hutsune handi bat dut barruan eztulka
mesede ez du egiten denok ixilduta
azken baten ez baita gu guztion kulpa
ezin dugu jarraitu ixil ezkutuka
mina txikiagoa da partekatuta"

Agin:
"Hortan arrazoi dezu ez gera bi bando
eta kontrakorikan ez dizut esango
errudun sentitzen da hemengo ta hango
ba sendiak gordeta baldin badu ondo
zabalduko duena ez naiz ni izango"

Alaia:
"Baina ixiltasunak kutxa puskatu du
denak ze aurpegi, keinu eta ze apuru
bizitza ta heriotza ez dira bi mundu
sozializatzea hartu nahi nuke helburu
drama honetatik zerbait ikasiko dugu"

Agin:
"Zerbait ikastia da egindako zina
baina toka liteke nahi eta ezina
guk sufrituagatik bestiek adina
errespetatzia da onena jakina
bakoitzak bere erara pasatzen du mina"

Alaia:
"Ba nik daukadan minak ez dauka etenik
berak igual ez du nigan atsedenik
ez da maskara argi zuzen ta gardenik
eskerrik asko Agin muxu bat hemendik
zurekin mintzatzeak mesede egin dit"

2019ko abe. 14a, 18:49

Beñat Gaztelumendirentzat, berriz, etxeko lanak izan dira puntuak erantzuteko gaia:

Zenbatero garbitu ohi duzu komuna
ba bihar naiz izango den biharamuna
dutxa ta komunean badaukat jarduna
egin behar delako tokatzen zaiguna.

Gaur egun inork ez du erabiltzen plantxa
nik erabiltzen dedan, al dezu zalantza?
askok hartzen didate utziaren antza
halare zuzentzeko, badet esperantza.

2019ko abe. 14a, 18:27

Puntu erantzunei helduta, Jon Maiaren ondoren aritu da Agin Laburu. Langile autonomo baten azaletik aritu da astigartarra. Hauek bere hiru bertsoak, jarritako puntuari erantzunda:

Ekintzaile izan nahi eta zenbat traba
nik ere ezagutzen det bertatik bertara
inoiz baja bat hartu gabea naiz hara
horrela segitzeko baina nahikoa da.

Zu zara langile ta zu zara nagusi
nagusi txarragorik bat ez det ikusi
lan egin behar baitet, jaiegun ta guzi
ta kontu korrontea halere itsusi.

Gaixorik egon arren ezin utzi lana
hori da destinua tokatu zaidana
nagusi ta langile ez baitira bana
nahi badezu etorri zaitez guregana.

2019ko abe. 14a, 18:19

Txanda ixteko kantatu du Beñat Gaztelumendik berriro, zortziko txikian ere. Beñat Lizasorekin aritu da, gaia emanda: "Lagunak zarete. Zuk Gaztelumendi, zerbait esaten duzun bakoitzean, gaia edozein dela ere, Lizasok beti gehitu behar izaten du azken hitza".

Gaztelumendi hasi da, nazkatzen hasia dagoela esanez: "beti daukazu zerbait esana beharik/ia ez det sinesten lagunak geranik". Lizasok erantzun: "dena baldin badakit, ez da nere kulpa". Gaztelumendik kontra egin dio: "Ez, ez dakizu dena, hori ez da horrela/txapa daukazu galanta itzela/jakinda normalean luzerako dela, egiten det entzungo banizu bezela". Lizasok argitu du: "asmo txarra daukadanik ez dezu usteko/zu besteen aurrean gaizki gero ez uzteko". Gaztelumendik bota dio: "gero zu zera gaizki geratzen zerana". Eta Lizasok bukatu: "Beñat uste det bioi egingo digula on/ni hasiko naiz eta zu ixilik egon".

2019ko abe. 14a, 18:02

Zortziko txikiari ekiteko, Nerea Elustondorekin aritu da Agin aburu: "Agin aita eta nerea alaba zarete. Zuen etxean inoiz zaletasunik izan ez bada ere, Nerea etorri zaizu, boxeoan hasi nahi duela esanez. Umoretsu aritu dira biak.

Aginek bota dio hasieratik, zer egin dezakeen boxeoan aritu nahi badu: "attonan dentadura mesillan daukazu"; eta Nereak erantzun, "aitona joaten omen zan, Urtain ikustera". Dentaduraren "enkantuekin" segi, eta etxean tresna gehiago ere badauzkala esan dio Aginek: "guantiak ere dira, fregaderakuak". Nereak galdegin dio, "ezker krotxeta zer den, ba al dakizu aita?". Eta baietz erantzun dio Aginek, ikusleen barre algarak eraginez: "amonaren krotxetak baitira onenak, bakailuanak eta urdaiazpikuanak". Baina boxeorako gogoa ez zaio pasa Nereari: "ni joango naiz zuri gustatu ala ez".

2019ko abe. 14a, 17:55

Ane Labakarekin aritu da Beñat Gaztelumendi, zortziko haundiko txanda ixteko. Hauxe izan dute gaia: "Urteak daramatzazue enpresa bateko zuzendaritzan lanean. Zuri Ane, iruditzen zaizu, zuzendaritzara heldutako belaunaldi berriak ez zaituztetela kontuan hartzen; Beñatek ez du hala uste".

"Gure aurka erabiltzen dute, desobedientzia/ez dute kontutan hartzen, daukagun esperientzia", adierazi dio Anek; eta Beñatek erantzun: "gazteek (...) apurtu beharra daukate/kasu gehigi eginez gero, seinale txarra litzake". Eta bigarren bertsoan jarraitu: "Orain aukera ederra degu, haiengandik ikasteko".

"Bileretara joaten naiz orain, ta Beñat ez nago lasai/nere ahotsa entzuten ez den tokian ez det egon nahi", bota du du Anek, eta Beñatek bukatu: "haiek helduko dira eta gu, gaztetu egingo gera".

2019ko abe. 14a, 17:38

Zortziko haundiari ekin diote orain, eta Agin Laburu eta Jon Maia izan dira aurrenekoak.
Obrako segurtasun neurriez aritu dira, eta Laburuk aurpegiratu diot dena planfletoz betetzen aritzen dela, baina teilatu gainean babes neurririk hartu gabe...
"hurrena behintzat lot zak arnesa,
ta behintzat jartzak kaskua"

2019ko abe. 14a, 17:30

Beñat Gaztelumendik, berriz, Reala Anoetan jokatzen ari den partiduari egin dio erreferentzia aurrena, "Messi Reale Arenan, eta hementxe berriz gu".
Eta agurra bukatu du, esanez beraien onena emango dutela zortzi bertsolariek:
"dakigun final onena
eskaini nahi dizuegu,
nork bere ahotik baina
gurea egingo degu"

2019ko abe. 14a, 17:18

Donostiari eskaini dio agurraren hasiera Agin Laburuk, gogora ekarriz bere "noria haundi bezain garestia", eta nabarmendu du dena ez dela betiko:
"toka liteke behekuak iyo
eta goikuak jeistia"

2019ko abe. 14a, 17:14

Agurren txandari ekingo diote bertsolariek.

2019ko abe. 14a, 17:13

Zozketak erabakitako ordenean, bigarren tokian ariko da Agin Laburu, eta zortzigarrenean Beñat Gaztelumendi. Egin beharreko lanak zehaztu ditu Ion Zaldua gai-jartzaileak.
Epaimahaikideak ere aurkeztu ditu, eta horien artean da Amaia Otxotorena Gamio hernaniarra.

2019ko abe. 14a, 17:09

Berehala hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala, Ilunben.
6.000 ikusle inguru bertaratu dira Donostiara, eta behin zortzi protagonistak taula gainera igota, dena prest dago kantuan hasteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!