Bertsolaritza

«Buruak eskatzen dit ni izatea; ikusi dugu karta guztiek balio dutela muserako, txapelketan ere»

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 14a, 00:00
Gaur arratsaldean Ilunben ariko den zortzikotea, asteartean San Telmon egin zuten aurkezpenean.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean ariko da gaur, 17:00etan Ilunben, Agin Laburu astigartarra. Alboan izango du Hernaniko bertso eskolako beste lagun bat ere, Beñat Gaztelumendi añorgarra, aurreko txapelduna.

Ilunben kantatzea zer den bada­kienaren lasaitasunarekin, eta azkeneko urtean berreskuratu­tako kon­fiantzarekin, ariko da gaur Agin Laburu astigartarra, Gipuzkoako Bertsolari Txapel­ketaren finalean. Arratsaldeko 17:00etan izango da, Donostiako ohiko eszenatokian; eta alboan izango du Beñat Gaztelumendi añorgarra, Iraulio Panttaloneko bertso eskolakidea. Haiekin ba­­tera, beste sei lagun: Alaia Mar­tin, Oihana Iguaran eta Jon Maia errepikatzaileak; eta Ane Labaka, Nerea Elustondo eta Beñat Lizaso, debutariak. Elus­tondo legazpiarra, Hernaniko ber­tso es­kola­ra ere gerturatzen da, prestatzera.

Zortzikoteko ardi beltza iza­nagatik ere, bere estiloari eutsi nahi dio astigartarrak, saioan: «buruak eskatzen dit ni izatea, eta nire estilotik kantatzea. Zein zortzikote garen ikusita, beste zazpien aldean estilo na­hiko desberdina daukat, baina garrantzitsuena da bakoitzak bereari eustea; eta hortik au­rre­rakoa, izan dadila ondorio bat, eta ez helburua. Emaitzetan pen­tsatzen hasiz gero, arriskua dago frustrazioak erakartzeko».

Konfiantza eman diote Labu­­ruri, aurreko bi saioek: «demos­­­tratuta geratu da, ondo eginez gero, gure estiloan ere oso au­­rrera iritsi daitekeela; musean jokatzeko karta guztiek balio du­tela, baita txapel­keta for­ma­tuan ere. Beraz, nire kartekin jokatuko dut. Konfiantza daukat ondo jokatuko ditudala, eta ho­rrek, finalari eta lehiari begi­ra, emaitzak eman ditza­ke­e­la».

Nortasun horri eutsiz gero, «lasai» etxeratuko da astigar­ta­rra: «tokatu daiteke saio txa­rragoa, hobea edo parekoa egi­tea. Ikasi dut erlatibizatzen, fi­nal honek izan dezakeen era­­gi­na. Ondo ateratzen bada, ba oso ondo; eta ez bada ondo atera­tzen, beste zazpi finalistei eskua eman, eta lasai lo egiteko moduan etxeratuko naiz».

«Guztiok gure maila emanda, oso final polita izan daiteke, kantatzeko zein entzuteko»

Hirugarren finala izango du Agin Laburuk, eta laugarrena Beñat Gaztelumendik; duela lau urte txapeldun, eta aurreko bie­tan txapeldunorde. Hogei urte­rekin aritu zen buruz burukoan añorgarra, ohikoaren salbues­­pen izateko: «gogoratzen naiz, aurre­neko finalera joan nintze­nean, ez neukala bisualizatuta Ilunbe zer zen», dio Laburuk; «eta horrek, neurri batean, jan egiten zaitu. Orain bisulizatuta dauzkat eszenatokia eta aretoa, eta lasaitasun horrek lagundu­ko du, zalantzarik gabe».

Egoera berri horretara ego­ki­tu beharko dute hiru fina­lis­tak; «baina guztiok gure mai­la ematen badugu, oso final po­li­ta izan daiteke, kantatzeko zein entzuteko. Kanturako oso zor­tzi­kote atsegina da».

Laburu zein Gaztelumendi, beraien saioak irabazita sailka­tu dira, bai final laurdenetan, eta baita finalerdietan ere. Az­ke­ne­ko ho­rre­tan, bi pun­tu­a­zio altue­nak izan ziren haienak; eta fi­nal laurdenetan, astigartarrak lor­tu zuen onena: «hala ere, Irunen ten­tsio eta erantzukizun haun­dia eraman nuen, eta saioa gaizki hasi eta buelta eman behar izan nion. Arrasateko finalerdian, berriz, saioa ondo hasita, horri eustea tokatu zi­tzai­dan, eta askoz ere gustora­go aritu nintzen. Sentsazioa dau­­kat behetik gora nijoala, pro­gre­sioan; eta landu ere, ho­rre­tarako egin dut. Ea ondo neur­tu dudan, eta orain arteko saiorik onena finalean atera­tzen zaidan», dio Laburuk.

Buruz burukoaren atarian geratu zen orain lau urte: kar­tzelako saiora aurrena iritsi, eta bertan hartu zioten aurrea, Gaztelumendik berak eta Alaia Martinek: «gure estiloan, kar­tze­lakoak jarraituko du puntu ahula izaten, ofiziotako bertso­lariak garelako gehiago. Baina landu dut, zalantzarik gabe. Due­la lau urte ere landuta ne­ra­makien, baina beharbada oke­rreko norantza batean, edo ez nion sinesgarritasunik ematen nire buruari, buruz burukoa le­hiatu nezakeela. Aurten bai, ematen diot sinesgarritasun hori; bai ikusten dudala nire bu­­rua besteen pare, egin deza­kedala besteek adina. Eta ikus­ten badut nire burua hor, bakar­kakoan gehiago lehiatuko dut».

Dena den, orain lau urte ez, duela bi urte jaso zuen «kolpe haundi xamarra» astigartarrak, bertsotan, beregan kon­fiantza galtzeraino: «baina azkeneko urtebetean berresku­ratu dudala esango nuke, eta askoz ere lasaiago eta sueltoago ari naiz orain», azaldu du.

«Ez noa txapela berrestera; bertso bakoitza aprobetxatzen saiatuko naiz»

Labururi ihes egin zion buruz buruko hura, Gaztelumendik ira­bazi zion Alaia Martini, azke­neko txapela janzteko; baina argitu du, horrek ez diola pre­sioa gehitzen: «ez noa txapela berrestera. Uste dut lau urte hau­etan gizartea eta bertsolaritza dezente aldatu direla. Ni ere ez nago duela lau urteko toki be­re­an, eta orain nagoen toki ho­rretatik kantatzera joango naiz. Bertso bakoitza aukera gisa hartuko dut, eta denak apro­be­txatzen saiatuko naiz. Hortik aurrerakoa ez dago nire esku».

Finala zuzenean, interneten eta ETB4 telebista katean

Saioa ikusteko azkeneko sarre­rak, eguerdiko 13:00ak arte es­ku­ratu ahal izango dira inter­ne­ten, bertsosarrerak.eus atarian; edo Ilunben bertan, arratsalde­ko 15:00etatik aurrera.

Ateak 15:30etan ireki­ko dira, eta gomendatu dute garaiz eta garraio publi­koan joatea. Izan ere, Realaren partidua izango da Anoetan, 16:00etan.

Telebistan edo internet bidez ere ikusi ahal izango da, zuze­nean: eitb.eus eta bertsoa.eus web orrietan eta ETB4 katean, osorik emango dute finala; eta ETB1en, gaueko 21:00ak alde­ra egingo dute konexioa, finala­re­kin. Bihar, Hi­tzetik hor­tze­ra saio berezia izan­go da ETB1en, finalari buruz, 15:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!