Eliza

Munillaren inposizioaren kontra egiteko Arantzazura, Kristau elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 10a, 00:00

Astigarragatik 09:15etan aterako da autobusa, eta Hernanitik, 09:30etan. Bestalde, presoentzako bilketa eta barkamen-ospakizunak zehaztu dira.

Gipuzkoako Kristauak Elkarteak deituta, Arantzazun eukaristia berezia egingo da larunbat honetan, hilak 14, goizeko 11:00etan, eta autobusak aterako dira Astigarraga, Hernani eta Urnietatik. Itxaropenez izenburupean, «Munilla gotzainaren eta beretarren klerikalismoa eta inposizioaren» aurkako jarrera erakustea izango da helburua.

Izen-ematea, parroki bulegoan
Larunbateko hitzordu horreta­ra­ko, autobusak aterako dira hainbat herritatik: Astigarra­ga­tik, 09:15etan, sarrerako errotondatik; Hernanitik, 09:30e­tan, Biteritik, eta Urnietatik 09:45e­tan, Matxotik. Autobusa hartu ahal izateko izena eta abizenak eman behar dira Hernaniko parrokiko bulegoan (Izpizua kalea 3, behea), ohiko ordutegian: astelehen eta asteazkenetan 20:00etatik 21:00etara eta ostegunetan 12:00etatik 13:00etara. Prezioa 12 eurokoa izango da.

Deialdia egitean, Gipuzkoako Kristauek adierazi dute 10 urte direla «Donostiako Elizbarrutian Kontzilioko bidea moztu eta lau hamarkadetan eraikitakoa eraisten ari direla. Munilla gotzaina eta eragile arrotzak buru, hemengo Elizatik kanpo erabakita eta Gipuzkoako kristau elkarteari bizkarra emanez (...). Baina Eliza ez daukagu menderatuen eta menderatzaileen elkartetzat, Jainkoaren Herritzat baizik. Ebanjelioaren lekuko eta Jesukristoren jarraitzaile gisa, fededun heldu eta gizon-emakume aske izatera deituta gaude, eta ez dugu onartzen gotzain honen eta beretarren klerikalismoa eta inposizioa».

Hernanin, hitzordu gehiago
Bestalde, Hernaniko parrokiartetik jakinarazi dute Martuteneko presoentzat artikuluak biltzen ariko direla abenduaren 16ra arte, bulegoan. Horrez gain, abenduko elkarteko Barkamen-ospakizunen berri eman dute: abenduaren 16an, 19:30etan, San Joan Bataiatzailea elizan; 17an, 19:00etan, Ereñotzun; eta 18an, 19:00etan Floridan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!