Giza Eskubideak

«Giza eskubideen urraketak ikusarazi eta salatzeko», ekitaldiak

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 10a, 00:00

Astigarragako Udalak «estatuko indarkeriaren biktimak» omenduko ditu 17:00etan. Hernanin Migranteen Egunera arteko ekintzak egingo dira.

Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta hori kontuan hartuta, hainbat ekitaldi antolatu dira gaur eta datozen egunetan, Astigarragan eta Hernanin. Azken honetan, gainera, Migranteen Nazioarteko Egunera (abenduak 18) arteko ekitaldiak antolatu dira, «bi datak kontuan izanda, giza eskubideen urraketa ezberdinak ikusarazi eta salatzeko asmoz».

Lau astigartarri omenaldia
Astigarragan Udalak gaur egingo du ekitaldia, «estatuko indarkeriaren biktima izan diren Tomas Alba, Joseba Barandiaran, Agustin Irazustabarrena Legra eta Bixente Perurena omentzeko». Ekitaldia 17:00etan hasiko da Joseba Barandiaran plazan; familiei lore eskaintza egingo zaie, eta jarraian, Udal ordezkariek hitza hartuko dute, eta Agin Laburu bertsotan ariko da. Gero, herriko erdigunean dauden hiru monolitoak bisitatuko dira, eta 17:30ak aldera Perurena aldera abiatuko dira. Bertan beste ekitaldi bat egingo da Astigarreko dantzari, Txirrisklako txistulari eta Agin Laburu bertsolariarekin osatuta.
Joseba Barandiaran 19 urte­re­kin tiroz hil zuten estatu­ko indar polizialek 1978ko San Fermin odoltsuen ondoren, Donosti­ako ma­nifestazioan. Tomas Alba, Ba­tallón Vasco Españolek hil zu­en 42 urterekin, 1979ko irailaren 28an, Donostiako zinegotzi zela. Bixente Perurena, GALek hil zuen 38 urterekin Hendaian, 1984ko otsailaren 8an. Baita Agus­tin Irazustabarrena ere, 1985eko irailaren 25ean, Baionako Mon Bar tabernan.

Ekitaldi kulturalak, Hernanin
Hernanin gaur hasi eta abenduaren 18ra arte luzatuko dira ekintzak. Amher-Sos Arrazake­riak, Stop Kaleratzeak eta Udaleko Kulturartekotasun eta Gaz­teria arloak antolatu dute egi­taraua, Urumea Herri Gune­a­ren laguntzarekin. Duela 5 urte hasi ziren hainbat eragile Hernani Solidarioa antolatzen, «elkartasuna eta lankidetza sustatu, eta pertsona solidarioek eta bereziki etorkinek Hernaniri egiten dioten ekarpena nabarmentzeko asmoz». Gaztelekuko tailerra eta Biteriko erakusketarekin hasiko dira gaur. 

 

ASTIGARRAGA
GAUR
17:00 Omenaldia, JB Plazan.


HERNANI SOLIDARIOA
GAUR
17:00 Tailerra: Balore solidarioak Gaztelekuan.
17:30 Jardunaldien aurkezpena eta erakusketa inaugurazioa, Biterin: Bide bat argirantz. Artista: Neiha Ahmad. Abenduaren 20ra arte.
BIHAR
18:00 Liburu aurkezpena: Pape Niang: hasiera berri bat. Biterin, euskeraz.
ABENDUAK 13
19:00 Zine eta Migrazioen Nazioarteko 2019ko Jaialdiko laburmetraiak, Biterin: Aneni (16 min.), Ingalaterra; Riski (15 min.), Alemania; Libertai (19 min.), Brasil; eta El poder del pasaporte (37 min.), Mexiko.
ABENDUAK 17
19:00 Zine eta Migrazioen Nazioarteko 2019ko Jaialdiko filma, Biterin: Tiempo de lluvia (90 min.).
ABENDUAK 18
18:00 Migranteen Nazioarteko Eguna. Gazteen antzerkia eta testu irakurketak Urumea Herri Gunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!