Funtzio aldaketak, arazoei aurre egiteko

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 7a, 00:00

Urtea bukatu bitartean Mendialdea Mankomunitateko kamioi batzuen funtzioa aldatu eginen dute.

Hondakin-bilketan hainbat aldaketa egingo ditu Mendialdea Mankomunitateak, eta hala jakinarazi du Goizuetako Udalak: «azken asteetan zaborra biltzeko Mendialdea Mankomunitateko kamioiarekin izaten ari diren arazoak direla medio, Iruñerriko kamioi baten beharra izan da hondakinak jasotzeko», azaldu dute.

 

Arazoak behin betiko konpontzeko, lanean

Mendialdea Mankomunitatea arazoa behin betiko konpontzeko lanean ari da, baina, bitartean, aldaketa bat jakinarazi dute: «konponbideetako bat dauzkagun kamioien funtzioak aldatzea izan daiteke».

Eta aldaketa hori probatzeari ekin diote, orain: «hondakinak biltzeko modua aldatu da, aurreko astetik hasi eta urtea bukatu arte».

Hori horrela, urtea bukatu aurretik, kamioiek funtzio-aldaketa izanen dute: papera eta ontzi arinak jasotzen zituenak, errefusa eta ontzi arinak jasoko ditu; eta aldiz, errefusa jasotzen zuenak, papera eta kartoia jasoko ditu egun batzuetan, eta errefusa beste batean.

 

Urte bukaeran, balorazioa

Urtea bukatzerakoan balorazioa egingo du Mankomunitateak, eta emaitza onak ematen baditu, «kamioiak dagokion koloreekin margotuko dira».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!