«Erraustegira egin zen martxagatik lau herritar epaituko dituzte gaurtik»

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 4a, 00:00

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazteko kontzentrazio urgentea deitu du gaur Egiako epaitegian, 11:00etan.

Lau herritar epaitzen hasiko dira gaur Donostiako epaitegian eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazteko kontzentrazio urgenteak deitu dituzte Donostiako, Egiako epaitegian. Lehendabizikoa gaur, 11:00etan izango da; bigarrena abenduaren 9an, astelehenean, 10:30etan; eta ordu berean hirugarrena, urtarrilaren 9an.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak adierazi du: «iazko irailean erraustegira egin genuen martxan parte hartu zutela egotzita lau pertsona epaitegira deitu dituzte Ertzaintzaren salaketaren ondorioz. Ia 2.000 lagunek parte hartu genuen protesta harekin desordena publikoak eragin izanaren erantzule gisa ikertuak direla esan diete. Zubietarrak dira bi, lasartearra bat eta donostiarra azkena. Gure elkartasun osoa beraiekiko eta mespretxu osoa, klima aldaketaren aurka daudela esan arren, Gipuzkoako gune kutsatzailerik haundiena izango dena inposatzeko egin ahalak eta bi egiten ari diren EAJ eta PSEko agintariekiko».

«Egun hartan Ertzaintzak biolentzia erabili zuen era baketsuan protestan ari ginen herritarren aurka, eta erraustegien aurka mundu osoko 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak ere Ertzaintzaren bortizkeria salatu zuen. Orain, epaiketa hau jauzi kualitatiboa da, erraustegiari loturiko aktibismo soziala epaitegietara eraman nahi dutelako lehen aldiz». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!