Bertsolaritza

Postu bakarragatik, ez da finalean izango Asier Azpiroz, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendirekin

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 2a, 08:37
Beñat Gaztelumendi (eserita) eta Agin Laburu, duela lau urteko finalean.

Hiru bertsolarik lortu zituzten atzo, azkeneko finalaurrekoan, zubietarrak baino puntu gehiago; eta bederatzigarren izan da azkenean. Astigartarra eta añorgarra izango dira, Iraulio Panttalone Bertso Kabiyaren ordezkariak.

Zaila zeukan Asier Azpiroz zu­bietarrak, Gipuzkoako Bertsola­ri Txapelketaren finalera pasea lortzeko. Bere finalaurrekoan 463 puntu lortuta zen, Hernani­ko Iraulio Panttalone Bertso Ka­biyaren ordezkaria; eta behar zuen atzo, Tolosako azkeneko finalaurrekoan, soilik bi lagu­nek lortzea, gehienez ere, berak baino puntu gehiago. Hiru izan ziren, ordea, eta bederatzigarren postu mikatzarekin agurtu da.

Jon Maiak irabazi zuen atzo, 494,5 punturekin; bigarren izan zen Oihana Iguaran, 471rekin; eta hirugarren Beñat Lizaso, 469,5rekin. Jokin Urangak 456,5 lortu zituen, Iban Urdangarinek 444, eta Haritz Mujikak 432.

Hori horrela, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi izango dira Hernaniko bertso eskola­ko ordezkariak, bi puntuazio altuenak lortuta. Eta haiekin batera, honakoak: Jon Maia, Ala­ia Martin, Ane Labaka, Oiha­na Iguaran, Beñat Lizaso eta Nerea Elustondo. Do­nostiako Ilun­ben izango da fi­na­la, aben­duaren 14an. Sarre­rak, dagoeneko sal­gai: bertsosarrerak.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!