Esku pelota

Trinketeko Txapelketa hasiko da asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 30a, 00:00

Ekain Lizeaga errekuperatu da eta igandean jokatuko du Txomiñenean, eskuz banaka, Tolosako Saralegiren aurka. 

Ezker hormako Gipuzkoako Txapelketak jokatzen ari dira bai eskuz banaka eta eskuz binaka, maila desberdinetan, eta amaitzeko astirik izan gabe asteburu honetan Gipuzkoako Trinketeko Txapelketa hasiko da. 

Ezker horman ia partidu gehienak atzo jokatu zituzten Hernaniko taldekoek, baita Astigarragako Mundarroko pelotariek, baina gaur eta bihar badaude partiduak. Ekain Lizeaga astigartarrak bihar, 10:00etan hasiko den jardunaldian, eskuz banakako txapelketaren partidua du Tolosako Saralegiren kontra, Txomiñenean. Mundarroko Jokin Santxezek, nagusietan lehenengo mailan, gaur du partidua, 10:00etan, Tolosako Ander Goikoetxearen aurka Beotibarren eta kadeteetan Saralegi astigartarrak, Tolosako Aranzadi izango du aurrez aurre bihar, 10:00etan, Beotibarren.

Txapelketa pribatuetan zazpi partidu jokatuko dituzte hernaniar pelotariek Elizondon eta Zangotzan.

Bestetik Gipuzkoako Trinkete Txapelketa hasiko da. Hernanik bederatzi pelotarien izena eman du: Jon Jara eta Mattin Arluziaga kadeteetan; Aimar Mujika, Oinatz Insausti eta Mikel Lasa jubeniletan; eta Iñigo Labaka, Unai Álvarez, Endika Arizmendi eta Xabat Pagola seniorretan. Gaur Iruran eta Gaskan ariko dira Aimar Mujika, Unai Álvarez, Xabat Pagola eta Endika Arizmendi. Oinatz Insaustik eta Mikel Lasak euren artean jokatuko dute eta Jon Jarak bihar Gaskan jokatuko du.

Aimar Olaizola eta Salaberriak bigarren partiduak dituzte txapelketa profesionaletan

Aurreko astean Aimar Olaizolak garaipen estu batekin hasi zuen Binakako Txapelketa Nagusia, Urrutikotxearekin batera eta asteburu honetan, bihar, Sorian bigarren partidua jokatuko dute Artola eta Imazen kontra. 

Bigarren mailako txapelketan Iker Salaberriak eta Garmendiak galdu egin zuten estreinaldian Egiguren eta Erostarberen kontra, baina arantza ateratzeko aukera dute gaur, Errioxako Fuenmayor herrian, 19:00etatik aurrera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!