ESKU PELOTA ETA PALA

Endika Ramosek eta Aiheko Zubimendik txapelak, palaz; ahazteko moduko asteburua hernaniarrek, eskuz

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 26a, 00:00

Aiheko Zubimendi eta Endika Ramos larunbatean, Gipuzkoako Txapelketako txapelarekin, Altzan.

24-25 irabazi zieten hernaniarrek Aizpuru eta Daguerre zarauztarrei larunbatean Altzan jokatutako finalean. Astigartarrek ere, pozteko moduko emaitzak izan dituzte, oraingoan.

Pelota bizi-bizi egon da asteburu honetan Urumea Bailaran. Ostiraletik hasita, indarrarekin eman diote pelotari, bai eskuz, baita palaz ere. 
Hain zuzen, azken hau izan da protagonista egunotan. Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten palaz, Aiheko Zubimendi eta Endika Ramos hernaniarrek, eta partidu estu bezain zirraragarriaren ondoren, txapela janztea lortu zuten.

Hain zuzen, Aizpuru eta Daguerrek osatutako zarauztar bikotea izan zuten aurrez aurre Altzako frontoian, eta 24-25 irabazita, estu-estu, irabazi zieten. 
Haiek azaldu dutenaren arabera, «partidu osoan zehar aurretik joan gara. 6 tanto aurretik ere joan gara, baina azkenean, partidua gogortu egin da... baina, txapelak Hernanira!».

Asteburu gazia,hernaniarrek

Esku pelotan, aldiz, asteburu zaila izan dute hernaniarrek. Jokatu dituzten partiduetatik, 20 porrot, eta 7 garaipen izan baitituzte. 
Emaitza garrantzitsuena Gipuzkoako Binakako txapelketan izan dute Anartz Oiartzabal eta Oinatz Insausti hernaniarrek. Nahiz eta partidua galdu, aurreko emaitzei esker finalerdietarako sailkatuak izan dira, jardunaldi baten faltan.

Era berean, nabarmentzekoa da Julen Deskarga eta Oier Alegriaren garaipena. Kasu ho­netan, jardunaldi baten faltan, oraindik badaukate au­kera sail­katzeko. 

Banakako txapelketan hasiera, astigartarrek

Astigartarrak, aldiz, ostiralean es­treinatu ziren Gipuzkoako Ba­na­kako txapelketan. Nagusien mai­lan, Eñaut Lizeagak In­txu­rre­ko Uzkudun 22-8 garaitu zu­en ostiralean, Astigarragan; eta Jokin Santxezek, jarraian, Her­naniko Labakaren aurka ere, ira­bazi egin zuen, 22-17.

Larunbatean, Oier Gurutze­al­deren txanda izan zen. Harri Loidiren ordezko gisa jokatu zuen Errenterian, Epleko Gelisen kontra. Berak, ordea, galdu egin zuen. 22-5 garaitu zuen Eple taldeko kideak. Aurkari zaila izan zuen aurrean, baina, hala ere,  dena ematen saiatu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!