Euskaraldia

Euskaraldiaren bigarren edizioan 'gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan' egingo da euskeraz

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 23a, 00:00

San Telmo museoan aurkeztu zuten datorren urteko Euskaraldia

Donostian aurkeztu da eta 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonista, eta oraingoan mota guztietako entitateak gehituko zaizkie, ariguneak.

Donostiako San Telmo museoan aurkeztu berri da gaur urtebete barru, 2020ko azaroaren 20an, hasiko den Euskaraldiaren bi­ga­­rren edizioa. Euska­raldiak izan­go dituen eza­ugarri na­gu­si­ak aurkeztu zituz­ten an­to­la­tzaile eta sustatzaileek.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra egin zen lehen Euskaraldia. Edizio hartan izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak. Bigarren edizio honetan, ahobizi eta belarriprest herritarren ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute era guztietako entitateetako kideek. Horretarako Euskaraldian garrantzia berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da: arigunea. Euskeraz aritzeko babesgune modura osatutako ariguneak izango dira, ariketa sozialean taldean jarduteko aukera emango duten espazioak.

 

Ariguneen berri eman dezakete entitateek

Donostian egindako aurkez­pe­ne­an azaldu zen aste ho­ne­ta­tik aurrera entitateek Eus­ka­ral­di­an inskribatu eta ari­ke­ta­rako martxan jarriko di­tuz­ten ariguneen berri eman de­za­ke­tela. Izen-emate honekin ire­ki­tzen da mota guztietako en­ti­ta­teek Euskaraldiari begira lan­ke­ta egiten hasteko aldia.

Ekimenaren bigarren edi­zio­a­ren leloa aurkezteko ba­li­atu zuten Euskaraldiaren bul­tza­tzai­leek. Gehiago, gehiagorekin, gehi­a­go­tan lelopean Eus­ka­ral­di­aren bigarren edizioak hain­bat berritasun izango di­tu­e­la azpimarratu zuten. Le­hen edi­zioaren balorazioan ai­pa­tu mo­du­ra, ibilbide luzeko eki­me­na iza­te­ko sortu zen Euskaraldia eta edizioz edizio urrats berriak ema­tea da helburua.

Irailean plazaratu zen Euskaraldiaren ikerketak (https://euskaraldia.eus/2018-ikerketa/) azaleratu zuen moduan, abiapuntu ona izan zuen ariketa sozial berritzaile honek, Euskaraldiak emaitza onak eman baitzituen; hala ere, eragina haunditzeko gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritu behar dela argi erakutsi zuen.

 

Egun gehiago, 15 guztira, eta taldekako ariketak jasoko ditu

Garapen horri erantzunez Euskaraldiak egun gehiago izango ditu hurrengo edizioan: 15 egun izango ditu ariketak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra hizkuntza-ohiturak astintzeko ariketa burutuko dute Euskal Herri osoko ahobizi eta belarriprest-ek.

2018ko ariketak banakako harremanak hartu zituen ain­tzat eta edizio berriak, aurrekoez gain, taldekako ariketak ere jasoko ditu. Banakako ha­rre­man pertsonaletan ezezik, tal­de eremuetan ere ariketa egi­te­ko aukera izango dute 2020ko udazkenean herritarrek. En­ti­ta­te­etan Euskaraldian parte har­tze­ko aukera zabalduko da, be­raz: lantokietan, enpresetan, ad­mi­nis­trazio publikoan, he­rri­e­tako asanbladetan, kul­tur zein kirol taldeetan… au­ke­ra emango die ahobizi eta be­la­rriprestei eremu berrietan iner­tzi­ak apurtu eta hizkuntza ohi­tu­ra berriak barneratzeko.

Edizio berriak, halaber, iaz­ko dinamika zabaldu eta sakontzea du helburu. Eki­me­ne­ra ahobizi eta belarriprest gehi­ago bildu eta rolak ongi lan­tzea, alegia. Hori horrela, aho­bizi eta belarriprest figurak zer diren azaltzen jarraituko da: portaeran dago gakoa, eta ez euskaraz hitz egiteko gai­ta­su­nean.

 

Herritarrak ariketako partaide, entitateak ariguneen sustatzaile

Ariguneak eta entitateak ai­pa­tzen badira ere, belarriprest eta ahobiziak izango dira pro­ta­go­nista edizio honetan ere. Ho­rre­la, hurrengo urteko ari­ke­tan lehen edizioan erabili zi­ren txapak izango dira ele­men­tu garrantzitsu bat eta an­to­la­kun­tzatik arreta berezia jarriko zaio ahobiziak eta belarriprestak ariketarako prestatzeari.

Ariguneak dituen entitateen kasuan, antolakuntzaren bai­ta­ko kideen parte hartzea ahal­­bi­­de­ratu eta sustatzea izan­­go da entitatearen egiteko na­­gu­­sia, baita arigune horiek ba­­bes­­te­ko neurriak hartzea ere. Horregatik azpimarratu da en­ti­tateak sustatzaile izatetik fun­tzio garrantzitsua duten era­­gi­­leak izatera pasako direla bi­­ga­­rren edizioan.

 

Herri batzordeak martxan

Lehen Euskaraldian herri ba­tzor­deek garrantzi zentrala izan zuten Euskaraldia antolatzeko garaian, herriz herri eraiki bai­tzen ekimena. Oraintsu hasi berri den edizio honetan ere herri batzordeek garrantzia bera izango dute. Irailean ireki zen herrietako batzordeek izena ema­teko epea, eta egunez egun gehiago dira antolatzen hasi eta izena eman duten herriak; martxa onean doa izen-ematea.

Garrantzia haundiko da he­rriz herriko batzordeetan he­rri­ta­rrek parte hartzea, eta mota askotako taldeak eta pertsonak biltzea Eus­ka­ral­dia­­ren antolakuntza lanetan. Hain­­bat erakundetako or­dez­ka­riek hartu zuten hitza San Telmoko ekitaldian. Eneko Goia Do­nos­tia­ko alkateak harrera egin die ber­ta­ra­tutakoei.

Euskaraldia ariketa egin bitartean

2019 ekaina-abendua: herri batzordeek izena emateko epea.

 

2019ko azaroa-2020 uztaila: entitateek ariguneak identifikatu, kideen adostasuna lortu eta izena-emateko tartea.

 

2020 iraila-2020 azaroa: belarriprest eta ahobizien izen ematea.

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!