Nazio Batuen Erakundeak 1959an zehaztu zuen azaroaren 20a Haur eta Nerabeen Nazioarteko Egun gisa, eta haurren eskubide unibertsalak finkatu zituen. Horiek gogoraraziko dira gaur Astigarragan eta Hernanin.
«Autonomia garatzeko behar diren baliabideak», Udalak
Adierazpen instituzionala kaleratu nahi izan du Astigarragako Udalak, NBEk «haurrek haurtzaro zoriontsua izateko» eta «eskubide eta askatasunez gozatzeko» egindako aldarrikapenak bere egin, ezagutzera eman, eta era berean, konpromisoa agertzeko «Astigarragako haur eta nerabeek beren autonomia garatzeko behar diren babes eta baliabideak izan ditzaten» (adierazpen osoa, behean atxikita).
Herriko haur txoko eta Gaztelekuak haien espazio direla ere azpimarratu du. Horrela, pasa den larunbatean mural eta graffitiak marraztu zituzten gazteek Gaztelekuko hezitzaileekin, eta gaur herrian barrena zintzilikatuko dira, udaletxean, kiroldegian, eskolan eta kultur etxean.
Hernanin, hainbat zita
Hernaniko Gaztelekuan, dinamika berezia egingo dute gaur 18:00etan. Bihar, berriz, futbol txapelketa, Hernani BHI Santa Barbarako zelaian, 18:30etan. Etzi, Beldur Barik sariketa ikusiko dute Biterin 18:30etan. Eta larunbatean, aerorunba izango dute kiroldegian, 17:30etan. Izena eman behar da aurretik.