BERTSOLARI TXAPELKETA

Aurreneko finalista postuaren bila

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 16a, 00:00

Finalerdietan aurrenekoa jokatuko da bihar Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan,  17:00etan, Arrasaten. Martikorena, Laburu eta Gaztelumendi ariko dira.

Sartu da azken fasean, Gi­puz­koa­ko Bertsolari Txapelketa. Uda­­be­rri­an hasi zen, Gipuzkoa Ber­­tso­tan sailkatze fasearekin, eta txapelketak berak irailean eman zituen aurreneko pausu­ak. Az­ke­nak ematen ari da, orain.

Finalaurrekoak hiru izango dira, eta horien artean aurrenekoa bihar jokatuko da. Arratsaldeko 17:00etan hasita, saioa irabazi eta finalerako zuzeneko txartela lortzen saiatuko dira sei bertsolari, Arrasateko Uarkape pelotalekuan. Horien artean, Hernaniko Iraulio Pan­tta­lone Bertso Kabiyako hiru: Eñaut Martikorena hernaniarra, Agin Laburu astigartarra, eta Unai Gaztelumendi añorgarra. Seikotea osatuko dute Nerea Elustondok, Unai Mendizabalek eta Iñaki Apalategik.

Lanak, bost
Saioa binakako lanekin hasiko dute bihar sei bertsolariek. Aurrena, hamarreko  haundian; gero, zortziko txikian; segidan, sei puntuko motzean; eta bukatzeko, zortziko txikian eta puntutan. Lan guztiekin bukatzeko, kartzelakoan ariko dira.

Lan horiek guztiak ja­rrai­tze­ko, publikoaz gain, ondoan la­ne­an ariko direnak izango di­tuz­te. Aurkezle lanetan ariko da Iker Iriarte; epaimahaia osa­tu­ko dute Aitor Gereñuk, Eneritz Az­kuek, Leire Belokik, Mikel Ler­sun­dik eta Mikel Urteagak; eta idazkari ariko dira Joxemari Altuna eta Silvia Etxaniz.

Aukera faltarik ez
Hernaniko bertso eskolako kideek lan politak egin dituzte honaino iristeko, eta ez dira esku hutsik geratzeko asmotan taularatuko. Finalaurrekoak hiru izango dira, eta saio bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira abenduaren 14an Donostian jokatuko den finalerako. Gainontzekoak, sailkapenaren arabera egingo dute aurrera.

Biharko saioan ariko dire­nen eta txapelketako bertsolari guztien artean, Agin Laburu da puntuazio onenarekin sailkatu dena, 495. Eñaut Martikorena ez du urruti izan, 476 egin baititu; bosgarren dijoa. Biak, azken Gipuzkoako txapeldunak lortu dituenak baino gehiago lortu dituzte beraz, Beñat Gaztelumendi 475ekin sailkatu baita finalaurrekoetara; seigarrena da. Biharko saioan ariko dena anaia izango da, hala ere; Unai Gaztelumendik 451,5 punturekin lortu du tokia; 18garrena da. Biharko gainontzeko aurkarien artean, Nerea Elustondo 4garrena da, 476,5 punturekin; Unai Mendizabal 12garrena, 460,5 punturekin; eta Iñaki Apalategi 13garrena, 458,5 punturekin. Aukerarik ez dute falta beraz, Hernaniko bertso eskolakoek, aurrera egiteko.

Beste biak, hurrengoan
Hernaniko bertso eskolatik fi­nal­au­rre­ko­e­ta­ra­ko sailkatu di­ren beste bi bertsolariak Be­ñat Gaztelumendi añorgarra eta Asier Azpiroz (458,50) zu­bie­ta­rra dira. Hauek, bigarren fi­nal­au­rre­­ko­an ariko dira, hilaren 24an, Oiartzunen. Azkenekoa aben­du­­a­ren 1ean jokatuko da To­lo­san. Eta finala, Donostian, hi­la­ren 14an. Sarrera guztiak sal­gai daude: bertsosarrerak.eus.   

 

EÑAUT MARTIKORENA

«Ez nuke esango lehen hain txarra nintzenik, ezta orain hain ona ere»

 

Aurreneko finalaurrekoan kantatuko du Eñaut Martikorena Lizasok. Sorpresa eman du honaino iritsita, eta behin hasita...

Udaberrian hasi zuen bidea Eñaut Martikorena Lizasok (1995, Hernani), Gipuzkoa Ber­tso­tan sailkatze fasean. Aurten lor­tu du txapelketara iristea, az­ke­ne­­ko­­an ez bezala, eta in­dar­tsu sar­tu da lehian. Behin fi­nal­au­rre­ko­eta­ra­ko bidea egin­­da, finalera joatea ere ez du baz­ter­tzen. «Amestea libre da!».  

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean hasi zenuen ibilbidea. Luzea egiten ari al zaizu?
Pixka bat bai. Baina motza baino hobea da, eta gehixeago luzatzea lortuz gero, kasualitatez, hobeto!

Entrenatzeko, ariketa gehiago egiteko aukera eman dizu?
Bai. Baina bestela ere bertso es­ko­lan aritzen gara gu eta han berdin-berdin ariko gi­nen bestela ere. Tentsioan man­ten­tzen laguntzen du. Publikoaren au­­rre­an kantatzera ohitzeko ere ondo dator udaberritik hasi iza­na. Bestela ohituta ez gau­de­non­­tzat mesede, jende askoren au­­rre­­an baino lehen, areto txi­ki­a­­go­etan hasi izana. Beraz, bai, luze egiten da. Baina hauxe ego­kitu zaigu.

2015ean Bertsolari Gazteen Osinalde Saria irabazi zenuen. Gipuzkoako sailkapen fasean izan zara lehenago ere eta aurten sailkatu zara. Hobetzen 
ari zara?
Ez dakit. Denok pentsatu nahi dugu baietz, jarraitzen dugunez  gero. Baina ez nuke esango hain­bes­te­ko alderik egin du­da­nik lau urtetan, faseetan da­go­en adinako alderik egin du­da­nik lau urtetan. Ez nuke esango lehen hain txarra nintzenik eta orain hain ona naizenik ere ez. Zer edo zer hobetuko nuen baina...

Kantaera berezia omen duzu. Bertsoen onena bukaerarako utzita ere, bidean sekulako aleak botatzen omen dituzu...
Umetatik esan izan didate bukaeratik hasteko, eta nik horrekin nahiko problema izan nituen. Hortik datorren zerbait da. Bukaera gehiago zaintzea lortzen dudanetan, aurrealdea ohi baino beteago geratzen zait, ohitura horiengatik. 

Bukaera bat baino gehiago pentsatzen duzu orduan?
Askotan egin izan dudana izan da bertsoa hasieratik hastea bukaeratik hasi beharrean! Eta orain, berriz, bukaera gehi­ago zaintzen dudanetan, ha­si­e­ra­­ko ideia ere mantendu edo, biak izaten saiatzen naiz.

Epaile eta entzuleak pozik dauzkazu, behinik behin. Espero zenuen honaino, finalaurrekoetaraino iristea?
Espero nezakeen, ez iristea be­za­la­xe. Harritu nauena da iristeko era, gehiago. Zai­la izan arren, egingarri be­za­­la neu­kan helburu hau. Bai­na, ez behintzat, fi­nal laur­de­ne­tako saioa ira­ba­zi­ta eta hain­bes­teko la­sai­ta­su­na­re­kin. Aldeak harritu nau, iri­tsi naizen to­ki­ra iristeak bai­no gehiago.

Eta behin honaino iritsita, finaleraino ere, zergatik ez? Pasako zitzaizun burutik...
Beti joan nahi da aurrerago! Fi­nalerdietan egonda, finalera iristeko helburua ere badut. Baina beste lasaitasun ba­te­kin, eta jakinda, probableena ez pasatzea dela. Baina hel­bu­rua, noski; txapelketetara edo edo­zein lehiatara, joan behar da gogo horrekin.

Irabaztearekin berarekin ez duzu amesten? Alde haundiarekin egin duzu aurrera, esan bezala. Azken txapelduna, berriz, Beñat Gaztelumendi, puntuazio baxuagoarekin pasa da...
Kasualitate eta bitxikeriak ondo daude historia horrela apain­tze­ko. Amestea libre da, bai­na ez dut uste horretan pen­tsa­tu behar nukeenik. Fa­se­ro aritu naiz pentsatzen fa­se­an, eta orain ere, helburu ba­ka­rra da finalera pasatzea. 

Aurrena, igande honetako saioa daukazu, egia. Besteak beste, Agin Laburu izango duzu aurrez aurre. Puntuazio altuena duen bertsolaria da. Zer espero duzu biharko saiotik?
Agin oso-oso bertsolari ona da. Urte dezente dijoa maila oso haundia ematen. Berez, fa­bo­ri­toa, nik uste dut, bera dela. Eta gero, berriz, Iñaki Apa­la­te­gi. Finalistak, beti ere, faborito rolean joango di­re­la uste dut. Eta beste ber­tso­ki­de­ek ere, ederki egiten dute. Gehienekin ibili izan naiz kantari lehenago ere. Be­raz, badakit saio ona egin de­za­ke­gu­la seiok, eta batzuk txarra ere bai!  

 

  AGIN LABURU

«Gure kezkak hasi eta bukatu behar luke bertsoan, ez publikoak edo epaileak esango duenean»

 

Finalaurrekoetarako sailkatu diren bertsolarien arten puntuazio altuena lortu duena izan da Agin Laburu. Ez dio horri gehiegi begiratzen, baina ikusten du bere burua finalean; kanpoan bezainbeste! Aurrena, biharko lanak.

Hirugarren egin zuen Agin La­bu­ruk (1985, Astigarraga), az­ken Gipuzkoako Bertsolari Txa­pel­ke­tan, finalean. 2015ean izan zen hori. Ondoren, 2017an, fi­nal­au­rre­ko­eta­rai­no iritsi zen Ber­tso­la­ri Txapelketa Nagusian. Es­­pe­­rien­tzi­a hori nabaria da. Izan ere, finalaurrekoetarako sail­­ka­­tutako bertsolari guztien ar­te­an (18), puntuazio altuena lor­tu­ta hasiko du bihar, fi­nal­au­rre­ko­­e­ta­ko fasea. Horrek fi­nal­e­­rai­­no bidea egiteko lagundu da­­ki­­o­ke, edo ez. Ez dio horri gehi­­egi begiratzen; «aurrena, jar gaitezen finalaurrekora».    
 
Gipuzkoako finalean izan zara lehenago, bitan, eta azken Txapelketa Nagusian (2017) finalaurrekoetaraino iritsi zinen. Errodaje haundiarekin jokatzen duzu...
Beti aurretik egindako horrek bentaja eman lezake, azken ba­tean, esperientzia gradu bat ba­daukagulako. Badakigu zein mai­la izango den. Gero, beste kon­tu bat da emango ote dugun! Pre­sioa ere hor dago. Niretzako lorpena dena, jendearentzako bada egin beharrekoa. Baina la­sai nijoa eta jakinda, zer egin behar dudan.

Beste batzuk udaberrian hasi dira sailkapen fasean. Hauek, beroketa horri esker, abantailarekin jokatzen dute?
Martxan lehenago jarri ziren bai, baina horrek dakarrena da, baita ere, nekatuta egon dai­tez­ke­ela. Oso luzea egiten da txapelketa, sailkapenetik ha­si­ta. Formari eustea, hainbeste den­bo­ran, ez da erraza. Aurreko sa­io­e­tara begira bentaja ba­zu­ten, gu hotzetik abiatu ginelako mar­txan zegoen trena hartzera. Orain, berriz, beroketa egin du­gu, baina freskoago ariko ga­re­nez, bentaja guk eduki ge­ne­za­ke.

Udaberrian hasitakoen artean dago Eñaut Martikorena, eta urrutira iritsi da, sorpresa emanez. Zer espero duzu bihar? 
Bada sorpresa, baina Hernaniko ber­­tso eskolatik ezagutzen ge­nu­­e­­nok bagenekien Eñautek egin zezakeela. Ezagutzen ez du­te­nen­tzat izango zen sor­pre­­sa, gehiago. Guretzat, gehi­a­go izan da zerbait pozgarria. Ez da mi­ra­ria izan. Gu ere au­rre­ne­koz uda­be­rri­ko sailkapenetik sar­tu gi­nen txapelketara. Be­raz, ho­ri­xe, berak ere egin ze­za­ke­ela! Eta ikusita zein mai­lan aritu den... Maila horrekin segiz gero, finalean egongo li­tzateke. Ba­dauz­ka aukerak, baina besteok ere bai.

Puntuazioari begiratuz gero, zerorri zara altuena daukana. Aukerak ikusten dituzu finalerako sailkatzeko?
Puntuazioari ez diot kasurik egiten. Anekdotikoa da. Au­rre­ko­ak beste saio batzuk izan dira. beste gai batzuekin, beste jen­de baten aurrean... Ez diot pi­su­rik ematen puntuazioari. Hala ere, bai, finalerako au­ke­rak ikusten ditut, baina ez sartzeko, beste hainbeste! Guk egin behar duguna da joan, bertsotan egin, eta gero, epai­le­ek esango dute zer gertatuko den. Gure kezkak hasi eta bu­ka­tu behar luke bertsoan, eta ez hainbeste, publikoak, epai­le­ak edo dena delakoak esango duen horretan.

Zein duzu zuk, aurrera egiteko indargunea? Umorearekin erosoago ibiltzen zara?
Egun, klabea da oreka man­ten­tzea, txapelketan. Ez du ba­lio umorean tope ibiltzeak, gai­non­tze­ko­e­tan ez bazabiltza ondo. Eta uste dut ikasi dudala nahiko erre­gu­la­rra izaten, eta nire ber­tu­te haundiena ho­ri­xe dela txa­pel­ke­tan; erre­gu­lar­ta­su­na. As­ko­tan, pentsatu de­za­ke­zu umo­re­a­re­kin ibiliko zarela  on­do­en, eta igual pasatzen da aldrebes. Esan dezakezu: ba­kar­ka­koan ho­be­to arituko naiz. Eta ofi­zio­tan moldatzen zara on­do­ren. Ez dauka zentzurik hori pen­tsa­tze­ak, azken batean, gai­a­ren edo egu­na­ren edo dena delakoaren ara­be­ra, zuk uste zenuen horren kon­tra­koa ger­ta­tu baitaiteke.

Finalean izan zara lehenago ere. Baina, txapela falta! Azken txapeldunak baino puntuazio altuagoarekin egin duzu finalaurrekoetarako bidea... Aurten bai?
Aurrena, jar gaitezen fi­nal­au­rre­kora, eta gero, hitz egingo dugu aurrerago, hitz egitekorik bal­din badago. Ez da erraza fi­na­le­an sartzea, nahiz eta jen­de­ak hala eskatu. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!