OSASUNA

«Desfibriladoreak erdi automatikoak dira; martxan jartzean esaten dute zer egin behar duzun»

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 16a, 00:00
Kaxa hauen barruan daude desfibriladoreak.

EHAOn 2015ean argitaratu zen, EAEn desfibriladoreak jarri eta erabiltzea erregulatzen duen 9/2015 dekretua. Hernanin, Udalak 8 dauzka, Ereñotzuko Auzo Udalak 3, Astigarragak 2, Goizuetak 1 eta Aranok batere ez.

Herritar guztien eskura jarri dituzte desfibriladoreak, hainbat Udalek. 2015eko otsailaren 4ko Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (EHAO) argitaratu zen hauek jartzea eta erabiltzea erregulatzen duen 9/2015 dekretua. Makina hauek gai dira bihotzera deskarga elektrikoak bideratzeko. Horrela, bihotzekoa izan duenari bihotzaren erritmo normala berreskuratzen laguntzen zaio.

«Hasieran, legea egin zela-eta, desfibriladoreak jartzeko beharra sortu zenean, legeak eskatzen zuen hauek erabiltzeko gutxieneko formazio bat behar zela. Baina berehala kendu zen eskakizun hori», azaldu du Marijo Garcia, Hernaniko Babes Zibileko arduradunak.« Izan ere, edozein herritarren eskura daude, denek erabili ahal izan ditzaten, eta edonork ez du aukera formazio hori jasotzeko. Gainera, askok atzera egingo lukete, eta ez lituzkete erabiliko. Gaur egun ez da formaziorik behar. Desfibriladoreak erdi automatikoak dira; martxan jartzean esaten dute zer egin behar duzun. Makinak esaten du erabili behar den ala ez, eta erabili behar izanez gero, zer egin behar den».

Urumea bailaran, hainbat puntutan

Herriz herri, tokian tokiko Uda­lek pixkanaka hainbat des­fi­bri­­­la­­­do­­re jarri dituzte. Marijo Gar­ci­aren esanetan, Her­na­­nin badaude, gutxienez, 8. «Uda­lak jarritakoak zein diren ba­da­kit. Hortik aurrera, egon dai­tez­ke gehiago. Legeak dio zen­­bait lekutan ere jarri egin be­­har direla, bertan ibil­tzen den jende kopuruaren ara­be­ra; merkataritza gu­ne­e­tan, adi­­bi­­dez». Udalak ja­rri­ta­ko­ak dira kiroldegian dau­den biak, gimnasioan bata eta ige­ri­le­ku­etan bestea, Men­di Mendiyaneko uda­ko ige­ri­le­ku­e­tan jartzen dena, Biterikoa, Ugal­de­txo­koa eta Fagollagakoa. «Horiek, fin­ko­ak», azaldu du. Izan ere, udaltzainen kotxeetan badira beste bi. «Orain ibilgailu berriak erosi direnez, aldaketa egiten ari gara, baina tokia gor­de­ta dago eta berehala egingo da. Hernanin desfibriladoreak jar­tzea pentsatu genuenean, ba­te­tik, zalantza izan genuen pun­tu finkoetan jartzen zirenek zein eremu hartuko zuten. Era be­re­an, txotx denboraldian zenbat iraungo ote zuten ere zalantza izan genuen. Eta pentsatu ge­nu­en zerbait gertatzen denean Udal­tzai­nak direla iristen au­rre­nak. Horregatik jarri ge­ni­tu­en kotxeetan».

Ereñotzuko Auzo Udalak ere jarri ditu gehiago. Hernaniko Udalak aipatutako Ugaldetxokoaz gain, Epeleko parkean ere bada beste bat, eta Auzo Udaleko sarreran ere bai, beste bat, goiko bulegoetarako sarreran.

Astigarragari dagokionez, orain­goz, bi dauzka Udalak: ki­rol­de­gian bata, eta Zar­ku­men­de­gi futbol zelaian, bestea. Bai­na, «beste 3 jarriko» direla ere jakinarazi du. «Lekuak ze­haz­te­ke daude, baina herrian ba­na­tu­ta jarriko dira, jende gehien pa­sa­tzen den lekuetan, zonalde guztietara iritsi ahal izateko».

Goizuetan ez dago des­fi­bri­la­do­re finkorik, baina Fer­nan­do Goia, Pollo suhiltzaile bo­lun­ta­rio­ak zehaztu du badela bat an­bulantzian.
Desfibriladorerik ez duen he­­rria, bestalde, Arano da, Urumea bailarari dagokionez. Baina Joxan Ruiz alkateak azaldu du «beharrezko zerbitzua» dela. «Ezin­bestekoa ikusten dugu la­rri­aldietarako desfibriladoreak edukitzea. Arano auzo ezberdinetan banatuta dago, eta baserri sakabanatuak dituela ikusita, zenbait puntutan ez legoke gaizki desfibriladoreak izatea; Goi­ko Herrin, Beheko Herrin, Su­ron, Benta Berrin eta Abañon, adi­bidez. Urte batzuk badira, diru-laguntzei begira gaudela, eta ea lehenbailehen jasotzen ditugun».

Desfibriladoreak erabiltzeko, pantailari adi

Hernaniko Babes Zibileko ar­duradunak azaldu bezala, edo­nork erabiltzeko modukoak dira desfibriladoreak. Baina, nola jakin, noiz erabili behar diren? Jarraitu beharreko pausuak zein diren argitu du, nahiz eta makinaren pantailari begiratu besterik ez dagoen.

Hasteko, «konorterik gabe» dagoen norbaitekin topo egi­tean pentsatu behar da des­fi­bri­­ladore bat erabiltzeko be­ha­rra izan dezakegula. Hala ere, «au­­rre­na, hitz egin egingo dio­gu, aurpegian eragin eta ma­sai­­le­­tan jo, esnatzen ote den ikus­te­ko edo benetan ko­nor­te­rik  gabe dagoela ziurtatzeko. Gero, arnasten duen edo ez be­­gi­­ra­­­tu behar zaio. Arnasa har­tzen badu, lasai egon, ez bai­­ta beharrezkoa izango des­fi­­bri­­la­­do­rea, baina 112ra dei­tu, badaezpada. Arnasik har­­tzen ez badu, ordea, des­fi­­bri­­la­­do­­rea beharko dugu. Kasu horretan ere, lehenengo 112ra deitu. Ondoren, bihotz-bi­ri­ke­ta­ko bizkortzea, hau da, BBB (gaztelaniaz, RCP) egin behar­ko zaio, beste lagun batek des­fibriladorea prestatzen duen bitartean. Piztu, eta pantailan ikusiko dugu gorputzeko zein ataletan jarri behar diren elek­trodoak. Hauek gorputza azter­tzen dute eta adierazten dute korronte elektrikorik behar den edo ez. Gero, berriro egin behar da BBB, eta berriro begiratu, makinak zer dioen. Makinak dena esaten du».

Herritar guztien eskura daude, baina, oraingoz, ez dira erabili behar izan.


Azken batean, helburua da edonor izatea gai desfibriladore bat erabiltzeko, beharra sortuz gero. Dena den, Hernaniko Uda­lak antolatu izan ditu forma­zio saioak. «Desfibriladoreak erostean, legeak derrigortzen ez bazuen ere, udaltzainei eta Biteri eta kiroldegiko langileei zuzendutako formazio saioak eman genituen, beraiek izan baitaitezke kasu gehien izango dituztenak. Eta asmoa dugu errepikatzeko. Erraza da hauek erabiltzea, baina lasaiago eta segurtasun handiagorekin era­bi­li­ko dira, formazioa jasoz gero. Dena den, oraindik ez dira era­bi­li behar izan».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!