pelota

Finalerdiak jokoan dauzkate pelotariek gaur, eskuz eta palaz

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 9a, 00:00

Gipuzkoako finalediak jokatuko dituzte gaur Mundarroko jubenil eta nagusiek eta Hernaniko nagusiek, eskuz. Palan, beste bi.

Asteburuan partidu garran­tzitsuei egin beharko diete aurre bailarako pelotari eta palistek. Goizuetako Umore Onako pelotariek atzo jokatu zituzten etxeko txapelketako bigarren jardunaldiko partiduak, eta hernaniar eta astigartarrek ere atzo hasi zuten asteburua.

Gaur, berriz, Gipuzkoako finalerdietako hainbat partidu jokatuko dituzte, bai palaz eta baita eskuz ere, hernaniar eta astigartarrek; denek, kanpoan, nagusien hirugarren mailako palistek izan ezik.

 

Palako finalerdiak, Beotibarren eta Hernanin

Gipuzkoako finalerdietako ba­tzuk palaz jokatuko dira gaur. Batetik, nagusien bigarren mailako mutilak ariko dira Tolosaren aurka, arratsaldeko 18:0etan hasita, Beotibarren. Legarretak, Zubimendik eta Ramosek osatzen dute hernaniarren taldea.

Bestetik, hirugarren mailan ere finalerdia izango du jokoan Manterolak, Zurutuzak eta Arandiak osatutako talde hernaniarrak. Etxean jokatuko dute hauek, 15:0etan hasita, Danok Baten aurka.

 

Eskuz kanpoan, finalerdi  guztiak

Finalerdiak dauzkate jokoan eskuz ere, pelotari hernaniar eta astigartarrek.

Nagusien mailan, Loidi eta Santxez astigartarrek Oiarpeko Ugalde anaiei egin beharko diete aurre gaur, Oiartzunen, arratsaldeko 17:45etatik aurrera jokatuko den partiduan. Hodei Exposito eta Markel Lizeaga hernaniarrak, berriz, etxean ariko dira gaur, 16:30etan hasita, Zegamako tartaloetxe elkarteko Azketa eta Elizegiren kontra.

Beste finalerdi bat ere badaukate jokoan gaur pelotari astigartarrek; kasu honetan, jubenilen mailan. Tolosako Altuna eta Ugartemendia gainditu beharko dituzte Lizeaga anaiek, 16:00etan hasita jokatuko den hirugarren partiduan, Donostiako Atanon.

Bestalde, Apaolaza eta In­saus­ti senior hernaniarrek Oiar­tzunen jokatuko dute gaur, 15:00etan; finalerdia ez bada ere, orain arte bezala, garaipenak pilatzen segitzea dute helburu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!