cederna garalur

Landa garapenerako laguntzak, hilaren bukaerara arte

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 9a, 00:00
Landa garapenerako proiektuen artean lagundutakoa da Uraren Ibilbidea.

Azaroaren 25era arte eskatu daitezke laguntzak, lehen sektorea, basogintza, eta natura eta ondareari balioa ematea bultzatzeko.

Nafarroako Gobernuak eta Landa Garapenerako Europako Nekazartiza Funtsak (LGENF) finantzatuta, 647.181,86 euroko poltsa izanen da, Nafarroako Mendialdeko gizarte eta ekonomia garapenean lagunduko duten proiektuak finantzatzeko. Laguntzak azaroaren 25era arte eskatu ahal izanen dira.

Finantzatuko diren ekimenek ardatz estrategiko batzuk izan beharko dituzte, besteak beste, herritarrak tokian-to­kian mantendu eta finkatzea, lehen sektorea eta basogintza, natura baliabideen ustiapen jasangarria, zerbitzuak garatu eta ondareari balioa ematea eta enpresak finkatzen eta enplegua sortzen laguntzea.

Deialdi hau  ‘Cederna Ga­ra­lur Elkartearen Tokiko Gara­pen Parte-hartzailearen Estra­te­gia (TGPE), 2014-2020’ izena duen estrategian txertatzen da. Hain zuzen, dagoeneko 4,8 milioitik gorako inbertsioa egin da programa honen baitan, toki-garapenerako 151 pro­iektu publiko eta pribatutan.

Eskaerak, Cedernaren web orrian

Laguntza eskatzeko bete behar diren baldintzen berri, eta bete beharreko eskaera orriak Ce­der­naren webgunean lortu dai­tezke: www.cederna.eu. Tek­ni­kari arduradunarekin harremanetan jartzeko modua ere bertan topatu daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!