Beterri Buruntza

Enpresa partehartzaileen ekosistema sortzeko lehen urratsak emango dira etzi Beterrin

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 5a, 00:00
Talleres Mitxelena enpresaren testigantza entzungo da Orona-Ideon.

Beterri Saretuz programa sortu da eskualdean hainbat enpresa eta eragile ekonomia sozial eta eraldatzailearen bueltan sare eraginkor bat sortzeko helburuz. Lehen jardunaldia Oronan-Ideon dute, etzi, 09:30etatik 13:30etara.

Beterri eskualdean joan den ikasturtetik ari dira lanean hainbat enpresa eta eragile, ekonomia sozial eta eralda­tzailearen bueltan sare eta no­do eraginkor bat sortzeko helburuz. Epe luzerako ikasketa pro­zesu bat da, eta estrategia horretan, lehen proiektuari ekingo diote aurten: partaide­tza oinarri duten enpresen ekosistema sortzea. Beterri Sare­tuz deitu diote programari, eta aurrera eramateko Gipuz­koako Aldundiaren eta Beterri-Bu­run­tza Udalen laguntza izango dute.  

Horretarako hainbat jardunaldi egingo dituzte, esperien­tzien ezagutza, bidelaguntza eta lan-mahaien bidez Bete­rriko enpresek euren barne egi­turetan partaidetza bultza­tzeko tresna edo gidaliburu bat izan dezaten.

Etzi, ostegunean, izango da lehen jardunaldia, Orona-Ide­on, goizeko 09:30etatik 13:30­etara. Bertara gonbidatu dituzte eskualdeko enpresak, lanbide heziketako eragileak, ekin­tzaileak, co-working zentroetako kideak eta garapen agen­tziak.

 

Bost enpresen testigantza
Ez da ohikoa enpresek euren barne antolaketaz eta funtzionamenduaz modu irekian hitz egitea. Osteguneko jardunaldi­an halaxe egingo dute bost en­presek, eurek izandako esperientziekin beste enpresek ere ikasi dezaketelakoan. 

Jardunaldiaren hasieran proiektua zertan den aurkeztu on­­doren, Aitor Bengoetxea GEZ­KI-ko zuzendariak (EHUko Gi­zarte Ekonomia eta Zu­zen­bide Kooperatiboaren Insti­tutua) oinarrizko nozioak eman­­go ditu eta azalduko du no­­­la eragiten duten enpresen partehartzean mozkinak, ka­pi­tala, kudeaketa eta informa­zio fluxuak antolatzeko mo­duek.

Enpresen hitzartzea etorriko da ondoren: Talleres Mitxe­lena, Argia, Fagor Luzuriaga, Katea Legaia eta TaPuntu. Alor ezberdinetan partaidetzarako sistemak ezarri dituzte guztiek eta sektore, tamaina nahiz izaera askotakoak izanik, ikuspuntu anitza eskainiko dute.

Partehartzea, ­lehentasunezkoa 
Langileek enpresa barruko kapitalean eta erabaki estrategikoetan parte-hartzea ekonomia sozial eta eraldatzailearen funtsetako bat da. Era berean, erakunde publikoek gero eta garrantzia handiagoa ematen diote partaidetzari, enpresen eta pertsonen garapenerako lehentasunezko ezaugarria bai­ta haientzat ere. Ildo horretan, Gipuzkoako Aldundiak par­taidetza integrala bultza­tzeko diru-laguntzak ematen ditu, «langileei enpresa proiektuan parte hartzeko bideak irekitzeko». Horren bidez abiatu da Beterri Saretuz programa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!