Pelota

Primeran ekin diote Gurutzealdek eta Irazustabarrenak

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 22a, 00:00

Maider Huizi hernaniarra tanto bat borobiltzen, igandeko partiduan. Garaipen garrantzitsua lortu zuen, Ariane Arrietarekin batera.

Hirutik hiru irabazi ditu astigartarrak, Munduko Kopan, eta jokatutako bakarra irabazi du hernaniarrak ere. Gipuzkoako Txapelketan, berriz, palista hernaniarrek izan dute asteburu borobila, partidu guztiak irabazita.

Txapelketa ezberdinetan, do­ze­naka partidu jokatu dituzte asteburuan, pelotari hernaniar eta astigartarrek. Eta batzuek emaitza borobilak lortu badituzte, kaxkarragoak izan dira, beste batzuenak.

Frantziako Pauen dira egun hauetan, trinketeko Munduko Ko­pa lehiatzen, Amaia Irazus­ta­ba­rrena hernaniarra eta Oier Gu­ru­tzealde astigartarra. Baina hasiera ezberdina izan dute biek. Jokatutako hiruak irabazi dituzte Gurutzealdek eta Eneko Maiz selekziokideak, eskuz ba­naka: 15-2 eta 15-2 irabazi zion Maizek Kubari, larunbatean; 15-1 eta 15-3 nagusitu zitzaion Gurutzealde Argentinari, igandean; eta 15-2 eta 15-2 mende­ratu zuen Maizek atzo, Estatu Batu­ak. Txileren kontra daukate gaur, 12:00etan, ligaxkako azkenekoa; eta litekeena da Gu­rutzealdek jokatzea.

Irazustabarrenak, berriz, atzo ekin zion, Uruguayren kontra; eta Haizea Zamorarekin batera, buelta eman zion partiduari: 10-15, 15-12 eta 10-9 irabazi zu­ten. Estatu Batuak izango dute aurrez aurre, gaur 11:00etan.

 

Gipuzkoakoan, palaz primeran baina eskuz erdipurdi

Asteburu bete-betea izan dute be­rriro, Gipuzkoako Txapelke­tan. Eta borobila izan da, palisten kasuan: partidu guztiak ira­bazi dituzte hernaniarrek. Horrela, hurrengo fasera pasea ziurtatu dute Endika Ramosek, Xabier Legarretak, Aiheko Zubimendik eta Eneko Lujanbiok, mutilen bi­garren mailan; eta Mikel Man­terolak, Ander Arandiak eta Iker Zurutuzak, hirugarren mailan. Ligaxkako aurreneko postuan daude, gainera, Ariane Arrieta eta Maider Huizi, lehenengo mailan; eta Ekhine Balerdi eta Garazi Urdangarin, bigarrenean.

Ganix Urdangarin eta Beñat Zubiarrain astigartarrek, berriz, galdu egin zuten.
Ez dira hain onak izan emai­­tzak, esku pelotarien artean. 19 partidu jokatu, eta bederatzi ira­­bazi dituzte, hernaniar eta astigartarrek. Garaipen garrantzi­tsuak lortu dituzte: Hodei Expo­sito astigartarrak eta Markel Li­zeaga hernaniarrak, semifinaletara sailkatzeko; Harri Loidi eta Jokin Santxez astigartarrek, multzoko buru izateko; eta Anartz Oiartzabal eta Oinatz Insausti jubenil hernaniarrek, galdu gabe jarraitzeko.

 

Maria Granadok garaipena, Lau t’erdiko Txapelketan

Garaipen garrantzitsua lortu du Maria Granado hernaniarrak ere: larunbatean hasi zuen Lau t’erdiko Emakume Master Cup Txapelketa, eta erraz nagusitu zitzaion Maialen Ganzaraini (18-3), bi eskuekin oso indartsu eta seguru arituta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!