Lehendik beste saiakera batzuk egin baziren ere, oraingoan bai, martxan jarri du Kronikak webgune berria. Betiko helbidean aurkitu daiteke (www.kronika.eus) baina itxura berrituta. Irakurleei protagonismo haundiagoa eman nahi izan zaie, Kronikako komunitatea osatu dezaten.
Irakurtzetik, informazioa ematera
Kronikak beti goraipatu du inguruan daukan komunitatea, 2000 urtean sortu zenetik, irakurleek egin baitute Kronika, zekitenaren berri partekatuz, informazioa helaraziz. Horregatik, komunitate horren parte direnei protagonismoa eman nahi izan zaie webgune berrian.
Aurrerantzean, Kronikako komunitatea osatuko dute erabiltzaileek nahiz kideek. Modu batera edo bestera parte hartzeko, izena eman behar da aurrena. Horretarako, webgunearen goialdean, eskuinean agertzen den pertsona irudian egin behar da klik.
Benetako izena ematen dutenek aukera izango dute artikuluak idazteko, iruzkinak egiteko, agendako edukiak gehitzeko... Kide bihurtuko dira. Partikular moduan parte hartu beharrean talde moduan parte hartzeko, Kronikari jakinarazi behar zaio, behin izena eman ondoren. Bestalde, lehendik izena eman zutenek, aukera dauakte orain, ahaztutako pasahitza berreskuratzeko.
Benetako izenik eman gabe erregistratzen direnek, bestalde, iruzkinak egiteko aukera bakarrik izango dute.
Agenda, denen artean
Hainbat saiakera egin dira herri guztietan, baina, bereziki, Hernanin, herriko talde eta eragile guztien agenda bateratua osatzeko. Kronikaren webgune berrian saiakera horri beste bultzada bat eman nahi zaio.
Erabiltzaile egiten diren komunitateko partaideek agenda osatzeko aukera ere izango dute.
Webgune dinamikoagoa
Gainontzeko berrikuntzen artean, azpimarratzekoa da dinamismoa. Albisteak berritzeko aukera haundiagoa ematen du, baita gaika edo herrika sailkatzekoa aukera ere.
Era berean, argazki, argazki-galeria eta bideo gehiago gehitzeko aukera izango da.
Bestalde, Kronikako hemeroteka historikoa ikusten jarraitzeko aukera ere badago, eta urteka eta hilabeteko bilaketa ere egin daiteke.
Tokikom-eko hedabideekin bat
Webgune berria Codesyntaxek garatu du, eta Tokikomeko beste 29 komunikabidek erabiltzen duten formatuarekin egiten du bat. Egun, 29 bazkide ditu Tokikomek, euskerazko 66 komunikabide kudeatzen dituztenak. Horietako bat da erran.eus, Goizueta eta Aranoko irakurleek ondotxo ezagutzen dutena.