sagarberritu

Sagardo botilak jaso eta berrerabiltzeko «sistema jasangarria», martxan

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 20a, 00:00

Beterri-Buruntza eskualdeko 40 sagardotegitan bildutako datuekin jarri da martxan Sagarberritu proiektua, Aldundiak eta sagardogileek lagunduta.

Martxan jarri da Sagar­be­rritu proiektua, Beterri-Bu­runtza eskualdean. 2018an egin­dako azterketa dauka oinarri: eskualdeko 40 sagardotegitan erabili eta berrerabiltzen diren beirazko botilen datuak bildu ziren, eta ondorioztatu zen sagardo botilen berrerabilpena indartzeko au­kera badagoela, «ekonomia zirkularra aktibatuz».

Tokiko Garapenerako zerbitzuak sustatu du proiektua, Foru Aldundiko Ingurumen sailak diruz lagunduta, eta Gipuzkoako Sagardo Elkarte­ak, Euskal Sagardoa entitateak eta San Marko Mankomu­ni­ta­teak babestuta.

401.673 botila gehiago berrerabiltzeko erronka

2018an bildutako datuen arabera, Beterri-Buruntzan ekoizten diren botilak 1.842.553  dira, eta horietatik %78 berrerabiltzen diren arren, 401.673 botila, hau da, %22 berrerabilpen ziklotik kanpo geratzen dira. Proiektu honekin, beraz, hori berrerabilpen zirkuituan sartzea lortu nahi da.

Hiru ardatzeko proiektua da sustatu dena: helburu soziala, ingurumenari lotutakoa eta ekonomikoa ditu.

Kontsumoak murriztu eta lanpostuak sortu

«Proiektu honekin lortu nahi dena da ekonomia zirkularrean oinarrituta, sagardo-sektoreko botilak jaso, garbitu eta berrerabiltzeko sistema jasangarri baten bideragarritasuna erakustea». 

Herritarrek Garbiguneetara eraman ditzakete botilak, sagardotegira bueltatzeaz gain.

Botila bakoitzaren iraupena luzatu nahi da, eta horrela egiten du bat proiektuak, ekonomia zirkularrarekin, «garapen iraunkorrean, eta produktu, zerbitzu, hondakin, material, ur eta energiaren bizi zi­kloa ixtean oinarritzen» baita. 

Era berean, helburu sozial nabarmena du, sagardo botilen bilketarako lanpostu be­rriak sortuko direlako, Sartu-Erroak enpresaren eta Beterri-Buruntzako Udalen lan hitzarmenaren bitartez. «Irabazi asmorik gabeko sozietatea da eta pertsonen orientazioa, formazioa eta laneratzea susta­tzea du helburu».

Herritarrek ere, zeregina

Botila Sagarberritu, berrerabilpenerako zirkuituan sartzeko, herritarrek ere badute ardura. Horrela, orain arte bezala botilak sagardotegietara bueltatzeaz gain, San Marko Manko­munitateko Gar­biguneetara ere eraman ahal izango dituzte, zerbitzu berezia jarriko baitu horretarako.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!