Elkartasun keinuek ez dute etenik. Astelehenean eman zuen ezagutzera Espainiako Auzitegi Gorenak, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia, eta egun horretan bertan mobilizazioak egin ziren herriz herri Gure Esku Dagok deituta; hala, manifestazioak egin ziren Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan.
Kataluniako herritarrek epaiarekiko desadostasuna adierazteko egin dituzten protestek tsunami izena hartu dute hurrengo egunetan, eta Euskal Herritik ere erantzun bera eman zaio hainbat txokotan. Horrela, ostiralean, Udalek eta sindikatuek deituta, berriro ere elkarretaratzeak egin ziren Hernanin eta Astigarragan. Hernaniko institutu aurrean ere egin zuten protesta ikasleek, Hernaniko Autodefentsa Sareak deituta.
Atzo, berriz, Donostian egin zuten bat ehundaka herritarrek, manifestazio erraldoi batean, Gure Esku Dagok eta ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituta.