Hilabete falta da, aurtengo Mendizale Asterako. Azaroaren 4tik 8ra eta 17an ospatuko du Mendiriz Mendi elkarteak. Baina dagoeneko, hasi dira motorrak berotzen.
Izan ere, zabalik dago epea, urteroko argazki lehiaketan parte hartzeko. Urriaren 11ra arte dago epea, argazkiak entregatzeko; eta parte hartu dezakete, elkarteko bazkideek, eta Hernanin bizi diren argazkilari ez profesional guztiek.
Horretarako, elkartearen lokalera jo behar da (Iturregi plaza), astelehen, ostegun eta ostiraletan, 20:00etatik 21:00etara. Zehaztu beharko dira izen-abizenak, telefonoa eta aurkeztutako argazki kopurua, eta CD edo USB batean entregatu beharko dira argazkiak, kalitate haundiko TIFF edo JPG formatuan; gehienez ere, 5 MBkoak.
Gaia librea; baina argazki bat gutxienez, Hernanikoa
Argazki lehiaketaren gaia librea izango da, eta hiru eta sei argazki artean aurkeztu beharko dira. Hori bai, gutxienez argazkietako bat, Hernanikoa izan beharko da. Entregatzeko orduan zehaztu behar da, zein den?Hernaniko argazkia. Ez da onartuko, beste lehiaketaren batean saritutako argazkirik.
Bost sari, 75 eurokoak
Jasotako argazki guztien artean, bost sari banatuko dituzte, 75 eurokoak, trofeo eta guzti. Hauek dira kategoriak: Hernaniko argazki onena, mendia, paisaia, herrikoiena, eta bilduma onena. Sari guztiak, Mendizale Astean egingo duten ekitaldian banatuko dituzte, argazki guztien proiekzioa egitearekin batera.
Argazki herrikoienaren saria, ekitaldira bertaratutakoek bozkatuko dute, epaimahaiak aurrez aukeratutako 15 argazkiren artean. Irabazlea ez ba-dago bertan, hurrengo bozkatuenari emango diote.