«Zertarako igo zergak, gero ez badugu diru publikoa gastatzen?»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 1a, 02:00

Plenoak onartutako 2020rako zerga ordenantzaren kontra azaldu da Hernaniko?EAJ-PNV ere: «nahiz eta gure proposa­men batzuk txertatu diren, be­rriro igoko dira zerga batzuk, %0,8 batazbeste. Eta ezinezkoa zaigu igoera daukan edozein zerga ordenantza babestea, urtero urtero altxortegian 3,5 milioi euro inguruko ge­rakina daukagunean». 

Eta gaineratu du: «joan den urte­an, azkeneko urteotan pila­tu­tako gerakina 14 milioi eurora iritsi zen». Horregatik, galdera luzatu dio EH Bilduren udal gobernuari: «zertarako igo zerga batzuk, gero ez badugu diru pu­blikoa gastatzen?», sa­la­tu du alderdi jeltzaleak.


«Zergak %20 igo dira Hernanin, ezker abertzaleak gobernatzen duenetik»

Andoni Amonarraizek, Her­na­niko EAJ-PNVren bozera­mai­­leak, azpimarratu du: «ezker abertzaleak, ANVk eta Bilduk gobernatzen duenetik, zergak %20 igo zaizkie hernaniarrei». Horregatik, beste bi galdera lu­zatu ditu: «ANVk 2007an go­bernatu zuenetik, herna­nia­rren solda­tak %20 igo dira? EH Bil­duk %20 haunditu du zerbitzu ko­pu­rua edo %20 hobetu ditu zeu­denak? Herritarrek eran­tzun dezatela».

Zergak igotzeko era­bakia­ren aurrean, lanean jarrai­tuko dutela nabarmendu du Amo­narraizek: «lanean jarrai­tzen dugu eta hala jarraituko dugu, ikuspegi positibo bate­tik, eta hernaniarren bizi kalita­tea hobetzera bideratutako pro­posamenak eginez». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!