2020 urterako zergak onartu zituen Hernaniko?Udaleko Plenoak, aurreko astean; baina horien kontra bozkatu zuen PSE-EEk: «ez gaude ados zerga eta tasen igoerarekin; EH Bilduren gobernuak proposatutako %0,8ko igoerak, ez dauka inolako justifikaziorik», adierazi du alderdiak, prentsa ohar baten bitartez.
Azaldu du igoera ez dela «lineala» zerga, tasa eta prezio publiko guztietan; «baina oro har, zerga askotan, %0,8koa izango da igoera. Horrela, adibidez, Hernaniko etxe batek, datorren urtean 0,83 euro gehiago ordaindu beharko du zaborren zergan; uraren eta saneamenduaren igoera 3 euro baino gehiagokoa izan daiteke; eta IBIaren igoera, bizilagun guztiok ordaintzen dugun zerga nagusia, 1,7 euro ingurukoa izan daiteke».
Horregatik, «zergak izozteko beharra» nabarmendu du alderdi sozialistak, eta adierazi du igoerak Hernaniko «sektore oso esanguratsuei» eragingo diela, bereziki, «pentsionistei, gazteei edota familiei».
«Hernaniko Udalak ez dauka zergak igotzeko beharrik»
PSE-EEk azaldu du Hernaniko Udalak badaukala sarrera nahikorik, zergak ez igotzeko: «batetik, Aldundiak Udalari ordaintzen dion Fondo Forala, aurreikusitakoa baino 750.000 euro gehiagokoa izan zen 2018an, eta ez dirudi 2019an kontrakoa gertatuko denik; eta gainera, Hernaniko Udalak nahikoa sarrera sortzen ditu, bere sarrerak mantendu eta haunditzeko, zergak igo beharra izan gabe», adierazi du.
Era berean, azaldu du %1 inguruko igoera izan dela azkeneko hiru urteotan; «eta beraz, urteren batean karga fiskala mantentzeak ez ditu deskonpentsatuko Udalaren kontuak», dio PSE-EEk.
Horregatik, uste dute ez dela momentua zergen beste igoera bat planteatzeko: «kontuan hartu behar da, familiek daukaten egoera ekonomikoa, egungo testuinguruan».
Posta bidezko botorako bulegoa, Casa del Pueblon
Hernaniko PSE-EEk jakinarazi du, bestalde, bulegoa zabaldu duela Casa del Pueblon (Laiztiaga auzoa, 8) posta bidezko botoa eman ahal izateko, azaroaren 10eko hauteskunde orokorretarako. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizez 11:30etatik 13:00etara, eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara.
Gainera, azaldu du ezintasun edo gaixotasunen bat dutenek etxetik bozkatu dezaketela, notario aurrean; eta tramite hori Casa del Puebloko bulegoaren bitartez egin daitekeela. Telefonoz ere egin daitezke kontsultak: 943 55 04 29.