Italian sortu zen Slow Food mugimendua, 1980eko hamarkadan. Hasierako helburua zuen defendatzea herrialdeko tradizioak, elikadura ona, plazer gastronomikoa eta bizi-erritmo motela. Ordutik gaur arte, mundu osora zabaldu da kontzeptua, eta asko dira, mundu osoan zehar, filosofiarekin bat egin duten laborari, ekoizle, merkatari edo jatetxeak. Horrela, guztiek lan egiten dute guretzako, ekoizleentzako eta planetarentzako ere ona den janaria denon eskura egon dadin.
Horrekin batera garatu da Kilometro 0 kontzeptua ere. Honen helburua da ekoizleak eta kontsumitzaileak gerturatzea, bidezko merkataritzari lotutako merkatuan. Ekoizle txikien eta kontsumitzaileen arteko distantzia mozten da, askotan, zuzeneko salerosketaren bitartez. Horrekin, tokian tokiko produktuari, eta garaian garaikoari ematen zaio garrantzia, elikagai naturalenari. Era berean, urrutitik elikagaiak ekartzeak dakarren garraioaren erabilpena murrizten du. Eta, azken batean, ekoizle, artisau eta tokiko banatzaileen lana ere mantendu eta babesten du.
Km 0 platerak
Filosofiarekin bat datozen platerak zerbitzatzen dituzte hainbat jatetxek ere: Km 0 platerak. Hala izan daitezen, hainbat ezaugarri bete behar dituzte.
Batetik, platera osatzeko erabilitako osagaien %40, baita osagai nagusia ere, tokikoak izatea. Horrek esan nahi du, jatetxeak zuzenean erosi behar dizkiola produktu horiek ekoizleari, eta gehienez ere 100 kilometrora ekoitzitakoak izan behar dutela. Edo osagaien %60 ahalik eta gertuen ekoitzitakoak izan behar dira, eta hala ez direnak ekologikoak izan.
Arrainen kasuan, bestalde, eskatzen da lehenesteko modu jasangarrian arrantzatutakoak, baxurako arrantzakoak, eta jatetxetik gertuen dagoen lonjan salduak.
Azkenik, transgenikoak baztertzea eskatzen da.
Kontsumitzaileak ere, ardura
Honetan guztian kontsumitzaileak ere badu bere ardura, noski, eta ez, jatetxe batera joaterakoan egiten duen hautuan bakarrik. Baita eguneroko aukera txikietan ere.
Kontsumitzaileak ere egiten ditu erosketak, maila txikiagoan bada ere, eta bada non aukeratu: tokian tokikoa saltzen duten bertako denda txikietan, zuzenean ekoizleari erosteko azoka edo gune berezietan, nekazari eta ekoizle askok martxan jarri duten kontsumo taldeetan...
Era berean, erosten den hori nolakoa den begiratzea ere norberaren esku dago: bertan ekoitzitakoa den, ekologikoa den, garaian garaikoa den edo hainbat kontserbagarri artifizial dituen, freskoa den...
Azkenik, erosketetarako poltsa eta ontzi berrerabilgarriak erabiltzea ere norberaren esku dago.
Azken batean, keinu horiek guztiek ere bat egiten dute Slow Food eta Kilometro 0 filosofiarekin, elikaduraz eta planetak modu naturalean eskaintzen digunaz gozatzearekin, baina errespetuz, norberaren eta etorkizunekoen osasuna, eta, nola ez, planetarena, zainduz.