Klimaren Aldeko Munduko Greba egunarekin egin zuen bat atzo Udalak, eta horri lotuta, hondakinen inguruan martxan jarriko duen kanpainaren berri ere eman zuen.
Errefusa kopurua gutxitzea da helburua, eta atzo bertan, Tilosetan, erakustaldia egin zuten; Hernanin jasotako gaizki ateratako errefusa poltsak jendaurrean atera zituzten, «ikusteko errefus poltsa horien erdia birziklatu daitekeen».
«Errefusa %20tik %10era jaistea da erronka»
Mattin Aldaia, Ingurumen zinegotzia; Olatz Urrutibeaskoa, Ingurumen teknikaria; eta Unai Uberetagoiena, Vermican enpresako teknikaria elkartu ziren atzo Udalean, kanpainaren nondik-norakoak azaltzeko.
Aldaiak zehaztu zuen, «Udala erabat ados» dagoela atzoko greba egunarekin. «Greba mundu osokoa da, arazoa globala delako, baina ekintzak modu lokalean egin behar dira, herri bakoitzak ahal duena eginez, ingurumena zaintzeko. Gure politiketan ingurumena eta jasangarritasuna ditugu ardatz, eta ildo horretan, lan bat da hondakinen kudeaketa. Hondakin onena da sortzen ez dena, eta sortutakoa ondo sailkatzea da klimarentzako onena».
Maiatzan beteko dira 10 urte Atez Ateko bilketa sistema martxan jarri zenetik, eta «lorpena haundia» izan dela nabarmendu zuen; «%80 birziklatzen dugu. Gipuzkoan, bataz beste, %56 birzkilatzen da».
Hala ere, «hobetzeko tartea» dagoela onartu zuen, eta hortik sortu da kanpaina. «Errefusa %1-2 inguru haunditu da azken urteetan. Informazioa eman nahi diegu herritarrei, aspaldi ez dugulako egin, eta herritar berri asko ere badagoelako. Hondakin gehienek balioa dute eta errefusara botatzea galera da, ekonomikoa eta ingurumenarentzat. Errefusa egun %20 da, eta erdira jaistea da helburua».
Auzoz auzo, hilabetez
Hori lortzeko kanpainak hilabete iraungo du, astelehenean hasita. Atzo, hala ere, erakustaldi bat egin zen Tilosetan.
Herriko 12 minipuntu garbietan «zabaldu nahi ditugun mezuak modu grafikoan, erraz azaltzen dituzten posterrak» jarriko dira, Urrutibeaskoaren esanetan. Izan ere, errefusa zer den eta zer ez azaltzeaz gain, azaldu nahi da errefusa ontzi grisean atera behar dela, eta gogorarazi, Garbigunea badagoela Hernanin. Bestalde, auzoz auzo, gaizki ateratako errefusa poltsak erakutsiko dira, eta informazioa banatu. Era berean, inkesta bat erantzun ahal izango da, eta opariak jasoko dira; telazko poltsak.
Azkenik, gogorarazi zen ibaiak garbi mantentzeak ere zein garrantzia duen. Institutuko DBH 3-4 eta Inmakuladako DBH guztiko ikasleek Urumeako hondakinak bildu eta Plazan erakutsi zituzten atzo.
KANPAINAREN EGUTEGIA
Plaza Berrin, irailak 30-urriak 2, arratsaldez.
Zinkoenean, urriak 1-2 goizez.
Txantxaillan urriak 3-4 goizez.
Ereñotzun urriak 3-4, arratsaldez.
Zikuñagan urriak 7-8 goizez eta 9-11 arratsaldez.
Atarrabion, urriak 7-8 arratsaldez.
Etxeberrin, urriak 9-11 goizez, eta 14-15 arratsaldez.
Haurtzaindegian, urriak 14-15 goizez.
Karabelen, urriak 16-18 goizez.
Bidebietan, urriak 16-18, arratsaldez eta 21-22 goizez.
Lizeagan, urriak 21-22 goizez.
Elizatxon, urriak 23-24 goizez eta 25 arratsaldez.
Kiroldegian, urriak 23-24 arratsaldez eta 25 goizez.
Antziolan, urriak 28 egun osoan.
Galarretan, urriak 29 egun osoan.
Portun, urriak 30 egun osoan.
*Ordutegia: 10:00-14:00/16:00-20:00