Hernaniko Musika Eskolako akordeoi orkestrak 11.urtez ekarriko ditu herrira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. Aurtengo emanaldiak Musua du izena, eta Atsegindegin izango da iluntzeko 18:00etan.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere aldaketa klimatikoaren beldur direla adieraziko dute gaurkoan, eta gai horren inguruan jardungo dute ikuskizun osoan zehar.
Musu bat emango diete pailazoek gaur naturari, eta beste bat naturarekin jaiotako kulturari. Santa Ageda, Inauteriak, Halloween gaua edo San Joanetako solstizioa zergatik ospatzen diren ere azalduko dute gaur pailazoek.
Aldaketa klimatikoa ardatz harturik, urte osoari errepasoa egingo dio ikuskizunak
Azkeneko sarrerak erosteko aukera, gaur bertan
Emanaldia ikusteko azken sarrerak Kide kafetegian egongo dira salgai, 7 euroan, gaur eguerdira arte.
Arratsaldean bertan ere, sarrerarik badago soberan, Atsegindegin bertan salduko dira emanaldia hasi arte. Dagoeneko 725 sarrera baina gehiago saldu dira, eta ikusle kopurua mugatua dela jakinarazi dute antolatzaileek, ikusle zenbaki kopurua zehaztu gabe.
Gaurko emanaldiarekin bildutako dirua akordeoi ikasleen urteroko bidaia egiteko erabiliko da.