Aste honetan ekin diote Gipuzkoako Txapelketari, Hernaniko neska palistek. Nagusien mailakoek atzo iluntzean jokatu zuten estreinakoa, Hernanin; eta gaur daukate zita, jubenil mailako bi bikoteek.
Arratsaldeko 15:00etan hasita, kiroldegiko frontoian jokatuko dituzte partiduak. Ane Kerejeta eta Enara Macicior ariko dira aurrena, Intxurreko lehenengo taldearen kontra; eta Alaitz Barrenetxeak eta Maddi Iriondok ondoren, Zumaiako bikotearen kontra.
Jubeniletan ariko dira Irati Miner, Maider Zugasti eta Naia Barrenetxea ere, hirugarren talde bat osatuz; baina atsedena daukate asteburu honetan.
Nagusietan, berriz, lehenengo mailako txapelketa hasi zuten atzo Ariane Arrietak, Maider Huizik eta Amaia Irazustabarrenak; eta elkarren kontra hasi zuten txapelketa, bigarren mailako bi bikote hernaniarrek: Eli Gutierrezek eta Eider Otaegik, eta Ekhine Balerdik eta Garazi Urdangarinek.
Urdangarin eta Zubiarrain astigartarrak, Errenterian
Mutilen artean, berriz, Astigarragako nagusiek soilik jokatuko dute asteburuan. Gaur ariko dira Ganix Urdangarin eta Beñat Zubiarrain, Epleren aurreneko taldearen kontra; Errenteriako Agustina Otaola frontoian, goizeko 10:00etan.