«Bakardadeari aurre egin eta harreman sarea sendotzen» hilero, Gizon Taldea

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 28a, 02:00

Hilean behin, aurreneko asteartero, biltzen da Gizon Taldea Goizuetan, bakardadeari nola aurre egin lantzeko, konparti­tzeko eta harreman sarea sendotzeko. Etzidamu dute hurren­go hitzordua, ohi bezala, goize­ko 10:30etatik 12:00etara, Umo­re Ona elkartean.

Seigarren saioa izanen da, maiatzaren 7an ekin baitzioten, Gizarte Zerbitzuen eta Goizue­tako Udalaren eskutik. Kafe eta pasta batzuen inguruan elkartu, eta aritzen dira normalean hitz egiten ez dituzten gauzetaz. «Nahi duenak bere kontuak konpartitzen ditu, ja­kin­da errespetuz entzun eta hitz egin beharko diogula el­karri, epairik egin gabe», azaldu du­te antolatzaileek.

 Nabarmendu dute, «denon arteko harreman sarea sendo­tzen» ari direla, eta «oso mo­mentu politak» konpartitu di­tuztela, hilabete hauetan.

Saioetan partehartzea irekia da, nahi duena azaldu daiteke: «momentuz bederatzi partehartzaile dira; gehienak, au­rre­ko tailerrean izandakoak».


2017ko tailerrari, segida

Izan ere, Gizon Taldeak badu au­rrekaririk: 2017an gizon tailerra jarri zuten martxan Gi­zar­te Zerbitzuek, bakarrik bizi edo egoera ahulean egon zitezkeen gizonezkoei bideratuta. 10 saio egin zituzten orduan, udaletxe­an, bakardadeari aurre egiteko tresna batzuk garatzeko.

Horrekin lortu zuten, herriko gizonen arteko harremanak sendotzeaz gain, gaia lantzeko gune edo espazioa sortzea. Ohi­tura osasuntsuak eta emozio­ak landu zituzten bertan.

Lanketa horri segida eman nahi izan diote aurten, Gizon Taldearekin. «Umore Ona el­kar­tea ezin hobea iruditu zaigu ho­rretarako: sarrera erraza eta zuzena dauka, traba arkitektonikorik gabea, mahai eta aulkiak dauzka, eta kafetxo bat edo hartzeko aukera», diote.

«Nahi duenak konpartitzen ditu bere kontuak, jakinda errespetuz entzun eta hitz egin beharko diogula elkarri, epairik egin gabe»


Beharrak, irisgarritasun arazoak eta bakardadea, landutako gaien artean

Saio bakoitzari, erronda batekin ematen diote hasiera, ba­koitzak azaldu dezan nola da­goen, «errespetatuz hitz egiteko edo konpartitzeko daukan go­goa eta erritmoa». Eta ondoren, gai bati heltzen diote.

Aurreneko bi saioetan, lan­du zituzten haiek dauzkaten beharrak, eta horiek asetzeko herrian dauzkaten instalazio, elkarte eta zerbitzu ezberdinak. Eta era berean, horietara iristeko dauzkaten oztopoak jarri zituzten mahai gainean:?«kon­turatu ginen, oinarrizko zerbitzu batzuek, irisgarritasun arazoak dituztela. Udaletxeak, korreoak, tabernak edota farmaziak, besteak beste». Hori «erraz hobetzeko», proposamen zerrenda bat ere osatu zuten, saioetako batean: Maleneko zubia hobetu; San Anton aldean kotxeen abiadura jaisteko zerbait jarri, pasiatzen ari di­renen arriskua gutxitzeko; eta herriko gimnasioan aparatu mota gehiago jarri.

Beste bi saiotan, bakardadearen gaia aztertu zuten; eta bakoitzarena neurtu zuten, gal­detegi baten bitartez. «Ondo­ren, emaitzak baloratu eta ko­men­tatu ditugu», azaldu dute.

Edozein gai proposatu nahi duenak, badauka horretarako aukera. Interesa du­ten gizon guz­tiek, asteartean dute zita. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!