Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finala, hamabi sagardogilerekin

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 28a, 02:00

Sagardo Route?Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren bosgarren edizioko finala jokatuko da gaur, 20:00etan Ergobiako plazan. bertan 300 lagunetik gora bilduko dira afarian, eta txapelduna zein sagardogile izango den erabakiko dute puntuaketarekin. Txapelketa honetan Bizkaia, Gipuzkoa eta Iparraldeko 20 herritako 43 sagardotegik hartu dute parte eta zeintzuk diren 12 finalistak ez da jakingo gaur arte.  


Puntuaketaren emaitzak ematean irabazlea eta 12 finalisten izenak jakingo dira

Txapelketa honetan lau finalaurreko jokatu dira aurretik Aduna, Lizartza, Orio eta Zornotzan. Dastatzeak itsuak izan direnez, oraindik ere inork ez daki zein  diren gaurko finalistak. Beraz, irrika eta ilusioz daude parte hartzaile guztiak.

Behin finala bukatuta eta jendeak emandako puntuazioa behar den bezala jasota, Izaro Iraetaren eskutik aurkeztuko dira 12 finalisten izenak, ordena alfabetikoan, eta lehen hi­ru­renak sailkapen ordenean. Ho­rre­taz gain, finalaurrekotako irabazleen izenak ere emango dira jakitera.


Afariarekin batera puntuatu egin behar da sagardo bakoitza, 5-10 artean 

Mahaikideak eseri eta euren lekua hartzean hasten da txapelketa. Platera eta lehen botila mahaira. Mahaikide bakoitzak sagardoa dastatu eta bere puntuazioa emango dio, 5-10 artean. Mahaian izendatutako ar­du­radunak puntuazioak jaso eta antolatzaileari eman behar­ko dizkio.

Oso erraza eta naturala da: eginbehar bakarra momentu­an bizi diren sentsazioez eta otor­duan sortzen den giroaz go­zatzea. Finaleko afaria bertako produktuetan oinarrituko da, Basatxerrik eta Lurlan El­karteekin duten hitzarmena me­dio eta bertako produktuarekin duten konpromisoa tarteko. Sagardoarekin egoki ez­kon­tzen diren plater desberdinak dastatu ahal izango ditu jen­deak: urdaiazpikoa, txorizoa, entsalada, bakailua, txuleta parrilan eta Idiazabal gazta sagar dultzearekin.

Aurten parte-hartzen ari diren sagardotegiak ondorengoak dira: Aburuza, Aginaga, Aka­rregi, Alberro, Alorrenea, Añota, Araeta, Astarbe, Astia­za­ran, Beltzenia, Bereziartua, Ca­longe, Egiluze, Eguzkitza, Eka­in, Elutxeta, Etxeberria, Eula, Gaztañaga, Goikoetxea, Ipa­rra­girre, Irigoien, Itxasburu, Izeta, Larrarte, Larre-Gain, Lize­aga, Oianume, Oialume-Zar, Oiarbi­de, Oiharte, Ola, Or­do Zelai, Otsua Enea, Petritegi, Rezola, Rufino, Satxota, Setien, Txi­mista, Urdaira, Uxarte eta Zabala. Astigarragakoak ha­mai­ka eta zazpi Hernanikoak. 

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak lehengo ohitura bati heldu zion orain lau urte ilusio haundiz. Historikoki horrelako txapelketak egin izan dira, 1967tik aurrera zenbait txapelketa herrikoi antolatu baitzituen orduko sagardogileen elkarteak, herri desberdinekin elkarlanean, eta sare hori be­rres­kuratzea da asmoa. 2015­eko txapelketa lehen harria izan zen, eta ordutik sistema hobetuz dihardute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!