Ikasturte berriko lehenengo Plenoan gai zerrendako puntu guztiak onartu ziren. Ia gehienak aho batez bi ez beste guztiak. Erakundeetako ordezkarien gaia eta 2020ko zerga fiskalak izan ziren aho batez onartu ez ziren bakarrak. Hauetan EAJ-PNVko zinegotziak abstenitu egin ziren.
Astigarragako gai nagusienetakoa azken urteotan hezkuntzarena da eta informazio, galdera eta eskarien atalean DBHren gaia nola dagoen eta hezkuntzarekin uztailean egin zen bileraren inguruan galdetu zuen PSE-EEko Mikel Duran zinegotziak.
«Hezkuntzak zalantzan jartzen duHerr Eskola Arrobitxulon eraikitzeko proiektua»
Xabier Urdangarin alkateak hartu zuen lekukoa eta Haurreskola, Herri Eskola eta DBHren gaiaz mintzatu zen. «Uztailaren 9an egin genuen bilera Hezkuntza sailean. Herrieskolaren inguruan galdetu ziguten ea ez genuen proiektua idatzi. Espedientearen arabera zalantzan jartzen dute Arrobitxulon eraikitzeko proiektua. Ez dakiguna da zergatik ez zen proiektua idazteko aurrera pausoa eman. Badirudi aurreko urtarrilean proiektua idatziko zela geratu zirela, baina uztailean ez zegoen proiekturik idatzita. Ikusita Arrobitxuloko proiektuak zenbat zalantza sortu dituen eskatu dugu beste alternatiba berreskuratzeko aukera, hau da Herri Eskola bertan haunditzea ikustea. Lan hori enkargatu genuean eta laister jasoko dugu proiektu hori eta eskolako zuzendaritzarekin eta gurasoekin begiratu behar dugu. Ikusten bada egokia dela Hezkuntza sailera joango gara abenduan».
DBHren gaia ere azaldu zuen Urdangarin alkateak. «Uztaileko bileran ere geratu ginen Anibarroko partzelan ikastetxe bat eraikitzeko aurreproiektu landuago bat eramango dugula abendurako bilerara. Hezkuntza sailak zalantza batzuk agertu zituen Anibarroko partzelari buruz. Planteatu genien ez genuela arazo teknikorik ikusten irisgarritasun aldetik, garestiago izango dela bai, baina ez dago gainditu ezin den oztoporik. Hori bai aurreproiektu landuago bat eskatu digute aurkeztea. Proiektu hori lantzen ari gara eta abenduko bilerara eramango dugu. Abenduan Hezkuntza Sailaren OKa jaso nahi dugu Anibarroko partzelan DBHko eraikina egiteko».
Haurreskolaren inguruan hezitzaileekin bilera egin du Udalak bertakoekin eta «ideia batzuk atera ziren. Orain berriz bilduko gara haurreskolaren banaketa zehazteko. Gure helburua urtea amaitu baino lehenago martxan jartzea da».
«Kreditu gehigarriaren espedientean 3,1 milioi txertatu dira»
Zerrendan bozkatu ziren gaiei dagokienez kreditu gehigarriaren espedientearen aldaketa aho batez onartu zen behin betiko. «Alegazio honetan aurreko legealdian hasitako proiektuekin jarraituko da. Horrek frogatzen du kudeaketa ona egin zela» adierazi zuen Nerea Sunzberro PNVko ordezkariak eta pozik agertu zen. Xabier Urdangarin alkateak ordea kudeaketa ona egin dela adieraztea «gehitxo esatea da» azpimarratu zuen. «Ona egin balitz ez legoke kreditu gehigarria aldatzeko beharrik egin den tamainokoa, zortzi milioiko aurrekontu batean hiru txertatu beharra. Gerakinetik hartu behar izatea ez zait kudeaketa ona iruditzen».
Zergak %2a igoko dira eta guraso bakarreko familiak, ugariekin parekatzen dira
2020ko zerga fiskalak izan ziren aho batez onartu ez zen bigarren puntua. EH Bilduk eta PSE-EEk baiezkoa bozkatu zuten eta PNV abstenitu egin zen hasierako onarpenean. «Bi aldaketa proposatzen ditugu; alde batetik %2ko igoera eta bestetik guraso bakarreko familiak parekatzea famili ugariekin» adierazi zuen alkateak. Oposizioko alderdietan PNV abstenitu egin zen: zentzuduna iruditzen zaigu, baina alegazioak sartuko ditugunez abstenitu egingo gara, gure proposamena egin nahi dugu». PSE-EEk aldeko bozka eman zuen. «Igoera logikoa da, KPIn ematen denaren azpitik ere dago eta familiak parekatzea egokia dela ikusten dugu».
Zerga-zorrak ordaintzeko Udala eta Correos erakundearen arteko hitzarmena onartu zen alderdi guztien babesarekin, baita Bidegi, Udala eta Astigarraga Lantzen SA sozietate publikoaren arteko hitzarmena.
Taxi zerbitzua %0,8 igoko da
Hiriko taxi zerbitzuen prezioen proposamena landu zen ondoren. Eskualdeko batzordearen iritzia kontutan hartu behar da, gainera datozen bi urteetan lehendakaritza Astigarragari egokitzen zaio. Eskualdeko bileran bi proposamen landu eta jaso ziren; 0,8ko igoera betana eta %1ekoa bestea. %0,8ko igoeraren proposamena onartu zuten denek.
Hurrengo puntua ere aho batez onartu zen. Ergobia Ibilbidea HIE 09 eremuko b. 2/1 eta b.2/2 partzelei buruzko aldaketa puntualaren espedientean, Gipuzkoako Itsasertzerako Zerbitzu Probintzialaren txostena betetzeko Planoa. Plana onartu zen aldaketa puntualaren espedientea aurrera jarraitzeko.
Klima aldaketaren aurka konpromezu zehatzak
Kale izendegiaren aldaketan adostasun osoa egon zen, hasiera batean EH Bilduk klima aldaketaren aurka konpromiso zehatzak hartzeko mozioan bezala. Azkenean testu bateratua aurkeztu zen bozeramaile batzordean adostuta.