Hasiak dira 2019ko uztako sagardoa egiten, hainbat sagardotegi, eta hasiak ez direnak, datozen egunetan hasiko dira. Izan ere, sagarra aurreratu xamarra dator, eta horren eraginez, irailean hasi dira asko, sagarra biltzen, eta, beraz, tolarean sagarra jotzen.
Garai batean, Pilarikatan hasten omen zen, urriaren 12aren bueltan, sagardoa egiteko prozesua, baina heldutasuna aurreratu egin da azken urteetan, eta gaur egun iraila eta urria dira bertako sagarrekin sagardoa egiteko hilabete nagusiak. Horrelaxe egiten baita Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duen sagardoa: bertako sagarrarekin, tokian tokikoarekin, eta garaikoarekin.
5 milioi kilo sagar, Euskal Sagardoa egiteko
Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban homologatuta dauden 250 sagastitako sagarra erabiliko da Euskal Sagardoa egiteko, hau da, kalitate marka honek eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten 250 sagastitako sagarra. Denera, 5 bat milioi kilo biltzea espero da. Sagarzaleen lana ezinbestekoa da Jatorri Deituraren barruan, kalitatezko sagardoak kalitatezko sagarra behar baitu. Horretarako, aholkuralitza teknikoa jaso eta sagastietan buru-belarri lanean aritzen dira sagarzaleak, sagarra behar den moduan eta behar den puntuan biltzeko.
Horrez gain, uzta orekatuagoak biltzea ere bada lanketa honen helburua, etorkizunean sagarra urtero izatea lortzeko. Izan ere, sagastiek, era naturalean, bi urtetik bat izaten dute hobea. Sagar urtea izatea egokitzen zitzaion 2019ari, eta halaxe izan da, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako zuzendaritzak azaldu duenez. «Neguko, udaberriko eta udarako giroak uzta haundia eragin du. Sagar asko dago sagasti gehienetan, eta udaran euri dezente egin duenez, ale nahiko haundia eta sanoa».
«2019 uztako sagardoa kopuruz haundiagoa izango da»
Azukre eta alkohol gutxiago
Sagardoa nolakoa etorriko den, berriz, «behin sagarra bildu eta jo ondoren jakin ahal izango» da.
Dena den, aurten «orokorrean, sagar ederra» dagoenez, eta «aurreko urtearekin alderatuta, azukre gutxixeago» dakarrena, sagardoak ere, «iaz baino alkohol gutxixeago» ekarriko du. Behinik behin, «kopuruz haundia izango dela badakigu».
Txapelgorriak, eta urre ukituko txapela beltzak
Bertakoa eta kalitatezkoa den sagardo baten alde egiten du lan Euskal Sagardoaren Kontseilu Arautzaileak. Izan ere, bertako sagarra erabiltzeko, bertako sagastiak ondo zaintzea ezinbestekoa da, eta zainketa horretarako, etengabeko kontrola egin behar zaie sagastiei. Horrek, sagarren kalitatea haunditzea dakar, eta beraz, baita sagardoarena ere.
Horrela egiten da Euskal Sagardoa. Baina hemen ekoizten diren sagardo guztiek ez dute Jatorri Deituraren zigilu hori. Beraz, Euskal Sagardoa zein den bereizteko, txapela gorria jartzen zaie botilei.
Bestalde, bertan ekoizten den sagardo guztia egiteko adina bertako sagar ez dagoenez oraindik, han-hemengo sagarrekin egindako beste sagardo bat ere egiten da, Gorenak markakoa. Botilak urre koloreko letrak dituen txapela beltza izaten du, honek ere, goi-mailako kalitatea duela ziurtatzeko, kontrol zehatzak gainditzen baititu.