Marrazkiak egiteko paperak, eta koloretako arkatz eta margoak hartu, eta buruan irudikatu zuten atzo, Lizeaga auzoko haurrek, zer nolako marrazkia egingo duten. Auzoa irudikatzea tokatu zaie aurtengoan.
Batzuek, dagoeneko egina ere izango dute, gaur 11:30etan entregatuko duten marrazki hori. Besteek goiz osoa dute oraindik, horretarako. Baina seguruenik, guztiek ez bada gehienek, festa giroan marraztuko dute beraien auzoa; eta ez soilik paperean, baita aurpegietan ere.
Auzoko jaiek hartu zuten Lizeaga auzoa, atzo arratsaldean, txupinazoa botatzearekin batera. Haurren xake txapelketa, aurpegiak margotzeko tailerra, puzgarriak, eta tute eta poker txapelketak izan zituzten gozagarri, asteburu potoloari bidea egiteko. Izan ere, gaurkoa eta biharkoa izango dira egun nagusiak, jaietan.
Marrazkiak entregatu aurretik, jolaserako tartea ere izango dute haurrek, eta hamaiketakoa ere bai, etxerako lanak bukatutakoan. Buruhaundiek eta Gautxori txarangak girotuko dute auzoa, herri bazkariak mahaiaren bueltan elkartu arte.
Arratsaldea hasteko, ordubetez doan izango dituzte barrakak haurrek, eta bingoan ariko dira denak gero, musikaren karrozak aulkietatik altxa eta dantzan jarri arte. Koadrilen afariak eta disko jartzaileen musikak borobilduko dute eguna.
Lasaiagoa izango da biharkoa, Sandiusterriko adinekoei omenaldia eginez hasiko dutena. Lau klasikok jarriko dute saltsa auzoan, hortik aurrera: tortilla lehiaketak, sagardo dastaketak, trikitilariek, eta toka eta bote txapelketek. Eta urteroko beste zita batek, mus txapelketak, elkartuko ditu mahaiaren bueltan arratsaldean, jaien bukaerara arte.
EGITARAUA
GAUR, larunbata
10:00, Umeentzako jolasak.
11:30, Lehiaketarako marrazkien bilketa eta umeentzako hamaiketakoa.
12:00, Buruhaundiak eta Gautxori
txaranga.
14:30, Herri bazkaria. Txartelak salgai, Lizeaga, Aitan-Etxe, Pacheco eta Bodega tabernetan. 12 euro.
16:00, Barrakak dohainik umeentzat, arratsaldeko 17:00ak arte.
17:30, Bingoa.
19:00, Musika karroza.
21:00, Koadrilen afaria. Txartelak salgai, Lizeaga, Aitan-Etxe, Pacheco eta Bodega tabernetan. 8 euro.
22:30, Musika, disko jartzaileen eskutik.
BIHAR, igandea
10:30, Omenaldia adinekoei, Sandiusterrin.
11:30, Tortilla lehiaketan parte hartzeko, tortillak emateko ordu-muga.
12:30, Sagardo dastaketa, trikitilariek girotuta.
12:30, Toka eta bote txapelketak.
16:00, Mus txapelketa, Lizeaga
tabernan.
20:00, Jaien bukaera.